Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelek 180 pertsona hil eta 590 zauritu ditu su-etena amaitu ostean Gazan egindako bonbardaketetan

Hamasek eta Israelek elkarri leporatzen diote menia apurtu izana. AEBko Gobernuak ere Hamasi egotzi dio meniaren hausturaren errua. "Hamasen erruz amaitu zen su-etena, ez baitute bahituen zerrenda bat entregatu, menia luzatzen lagundu zezakeena", adierazi du John Kirbyk.

Txikizioa Gazan. Argazkia: Efe
Txikizioa Gazan. Argazkia: Efe
Zazpi eguneko su-etenaren ostean, Israelek Gaza bonbardatzeari ekin dio berriro

0:40

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelen eta Hamasen arteko su-etena bertan behera geratu da gaur goizean, eta Israelek Gaza bonbardatzeari ekin dio berriro, zazpi eguneko meniaren baitan talde islamistak bahitutako zenbait herritar askatu eta Israelek preso palestinar batzuk libre utzi ostean.

Hamas talde islamistak Israeli leporatu dio zazpi egun iraun duen su-etena hautsi izana. Gazako Osasun Ministerioak Facebook sare sozialean zabaldutako mezu labur batean azaldu duenez, "Israelek gaur goizetik abiatutako erasoaren" biktimen balantze ofizialaren arabera, 178 pertsona hil eta 589 zauritu dituzte azken erasoaldian.

"Okupazioa da gerra berriro hastearen eta Gazako Zerrendaren aurkako eraso naziaren erruduna, bahitu gehiago askatzeko gau osoan egin dizkiogun eskaintza guztiak errefusatu ostean", adierazi du Hamasek.

Era berean, Hamasek esan du Israelek uko egin ziola Yarden Bibas askatzeari eta haren senide israeldar-argentinarren gorpuak entregatzeari: haren emaztea eta 10 hilabeteko eta 4 urteko seme-alabak, Israelen bonbardaketetan hildakoak.

Era berean, Hamasen arabera, Israelek uko egin zion Yarden Bibas askatzeari eta Israelen bonbardaketetan hildako haren senide israeldar-argentinarren gorpuak (haren emaztea eta 10 hilabeteko eta 4 urteko seme-alabak) entregatzeari.

"Okupatzaileek uko egin zieten eskaintza guztiei, eraso kriminalari berrekiteko erabakia hartua zuten eta", gaineratu du Hamasek, "sionistak Zerrendan egiten ari diren gerra krimenen" errua AEBri (Israelen kide nagusiari) egotzi aurretik.

Israelgo Gobernuaren bertsioa, baina, erabat bestelakoa da, eta Hamas egiten du su-etenaren amaieraren errudun.

"Hamas-Estatu Islamikoa talde terroristak egitasmoa urratu du, ez du bete bahitutako emakume guztiak askatzeko promesa, eta koheteak jaurti ditu Israelgo herritarren aurka", adierazi dute Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bulegotik, hark su-etena ez zela iraunkorra izango argitu eta ordu batzuetara.

AEBko Gobernuak ere Hamasi egotzi dio meniaren hausturaren errua. "Hamasen erruz amaitu zen su-etena, ez baitute bahituen zerrenda bat entregatu, menia luzatzen lagun zezakeena", adierazi du prentsaurreko telematiko batean John Kirby Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko bozeramaileak.

Zazpi eguneko su-etena

Ostegunean izan zen Qatarrek, Egiptok eta AEBk negoziatutako su-etenaren azken eguna. Akordio horri jarraituz, Hamasek libre utzi zituen bere esku zeuden bahitu batzuk, Israelgo espetxeetan preso zeuden herritar palestinar batzuk aske geratu ziren eta laguntza humanitarioa sartu ahal izan zen Gazako Zerrendan.

Guztira 105 bahitu askatu zituzten, 81 israeldar eta 24 atzerritar, eta 240 preso palestinar libre geratu ziren, guztiak emakumeak edo adingabeak.

Azaroaren 24an abiatutako su-etenari esker, etenaldi bat izan zen urriaren 7an Hamasek Israelen egin zuen erasoak (3.000 milizianok 1.200 pertsona hil eta 240 bahitu zituzten) piztutako gerran.

Ordutik, eta su-etena hasi zen arte, Israelek gogor egin dio eraso Gazari airetik, lurretik eta itsasotik, eta 15.000 pertsonatik gora hil eta milaka desagerrarazi ditu hondakinen artean. Gainera, bi milioi palestinarrek etxea utzi behar izan dute, eta krisi humanitario larria bizi dute, ospitaleetako kolapsoagatik eta etxebizitza, ur edangarri, elikagai, sendagai eta argindar faltagatik.

Ostegun honetan, Israelen eta Zisjordanian egindako bisita ofizial batean, Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak erasoak eteteko deia egin die Israelgo agintariei zibil palestinarrak babesteko egitasmo zehatz bat eduki arte.

Palestinako Gobernuak "premiazko" neurriak eskatu ditu

Palestinako Gobernuak "goitik behera" gaitzetsi du Gazako Zerrendaren aurka "okupatzaileek abiatutako gerra", eta "premiaz" erantzuteko eskatu dio nazioarteari, gatazka "berehala gelditzeko".

Atzerri Ministerioak "herritar palestinarren bizitzen aurkako etengabeko erasoen jarraipenaz eta Gazako Zerrendako hondamendi humanitarioaren larritzeaz" ohartarazi du.

Bien bitartean, Qatarrek su-eten iraunkorra lortzeko lanean jarraitzen du bere bazkideekin eta nazioarteko beste herrialde batzuekin, nazioartearen presioa geroz eta handiagoa denean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Hamas