Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelen bonbardaketek 15.000 lagun baino gehiago hil dituzte jada Gazan
Israelgo Armadaren arabera, urriaren 7tik 10.000 aire eraso egin ditu Gazan, eta bere tropek 800 tunel baino gehiago aurkitu dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gazako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, Israelek 15.523 palestinar hil eta 41.316 zauritu ditu urriaren 7an bonbardaketak hasi zituenetik.
Azken orduetan 316 pertsona hil direla adierazi dute Ministeriotik, baina zehaztu dute hildakoen kopurua handiagoa izango dela hondakinen azpian harrapatuta jarraitzen dutelako askok eta askok. Aurrez, Hamaseko Informazio Bulegoko bozeramaile batek adierazi du 700 palestinar baino gehiago hil dituztela larunbatetik, bereziki Gaza Hiriaren ekialdearen aurka egindako eraso batean.
Gazako Zerrendan bizi diren 2,3 milioi bizilagunetako 1,8 milioi desplazatuta daudela ere jakinarazi dute.
Israelgo Armadaren arabera, 10.000 aire eraso egin ditu Gazan urriaren 7tik. Soldaduek "misioak azkar" bete dituztela ere esan dute, eta "zelula terrorista, azpiegitura terrorista, aginte-zentro, tunel, arma-biltegi eta abarren kontrako erasoak" egin dituztela gaineratu dute. Ostiralean su-etena amaitu zenetik bonbardaketei berrekin dietela eta lurreko operazioekin ere jarraitzen dutela baieztatu dute ofizialki.
Gazan lurreko erasoaldia hasi zutenetik Israelgo tropek 800 tunel baino gehiago aurkitu dituztela ere adierazi dute, eta horietako 500 inguru suntsitu dituztela.
Urriaren 7an Hamasek ezustean egindako erasoaren ondoren hasi zuen erasoaldia Israelgo Armadak. Hamasen erasoak 1.200 hildako eta 240 bahitu utzi zituen.