Mundua -

Gatazka Ekialde Hurbilean

NBEko Segurtasun Kontseiluko ordezkaritzaren bisita Egiptora, laguntza humanitarioren "oztopoak" ikusteko

"Israelek jarritako oztopoak" behin baino gehiagotan salatu ditu Egiptok, laguntza humanitarioa Gazara eramateko lanak atzeratzen dituztelako. Horregatik, laguntza etengabe sartzea ahalbidetzeko eskatu dio Kairok Tel Avivi.

NBEko Segurtasun Kontseiluko ordezkariak, Egipton. Argazkia: EFE
NBEko Segurtasun Kontseiluko ordezkariak, Egipton. Argazkia: EFE
NBEko Segurtasun Kontseiluko ordezkariak, Egipton. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NBEko Segurtasun Kontseiluko ordezkaritza batek Egiptoko laguntza zentroetan bisita abiatu du gaur. Bertan laguntza Gazara iristeko "Israelek jarritako oztopoak ezagutuko" dituzte erakundeko ordezkariek.

Egiptoko Atzerri Ministerioak ohar batean azaldu duenez, "Al Arish eta Rafah hiriak", Sinaiko iparraldean, bisitatuko dituzte NBEko kideek. Laguntza bertara heldu eta toki horietan gordetzen da, bertatik Egipto eta Zerrenda lotzen dituen pasabidearen bidez Gazara eramateko zain.

Horrela, NBEko ordezkariak Rafahko pasabidean izango dira, Israelek kontrolatzen ez duen Gazako irteera bakarrean. Iragan ostiralean, Ameriketako Estatu Batuek Segurtasun Kontseiluaren azken ebazpenari betoa jarri ostean egingo dute bisita. Ekimenak Gazan berehalako su-eten bat aplikatzea eskatzen zuen, baina, esan bezala, ez zuen aurrera egin.

"Israelek jarritako oztopoak" behin baino gehiagotan salatu ditu Egiptok, laguntza humanitarioa Gazara eramateko lanak atzeratzen dituztelako. Horregatik, laguntza etengabe sartzea ahalbidetzeko eskatu dio Kairok Tel Avivi. NBEko erakundeek eta beste herrialde batzuek ere eskaera berdina egin diote Israeli.

Israelek, aldiz, laguntzarekin eta erregaiarekin kargatutako zisterna-kamioiak Al Awjako pasabidean, bi herrialdeen arteko mugan, miatzeko baldintza jarri du, horietako batzuei Rafahra itzultzeko baimena eman baino lehen, ondoren Gazara zeharkatu ahal izateko.

Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren artean, Erresuma Batuak, Txinak eta Errusiak ordezkariak bidali dituzte, baina Frantziak eta AEBk uko egin diote ordezkaritza bidaltzeari. Kontseiluko gainerako kide ez iraunkorrek, ordea, bidali dituzte, Gabonek izan ezik.

Israelek bi familiako 60 kide baino gehiago hil ditu gaur, Al Maghazi errefuxiatu-eremuaren aurka egindako erasoan. Argazkia. EFE

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelek erasoaldia abiatu zuenetik, 18.205 hildako eta 49.645 zauritu utzi ditu. Gauzak horrela, Gazako agintariek Zerrendara "zaurituen bizitzak salbatzera" joateko eskatu diete "mundu osoko" medikuei, Filastin egunkari palestinarrak jakitera eman duenez.

Gainera, Israelgo Armadak 142 neska, emakume eta adineko gazatar atxilotu ditu, eta Israelgo kartzeletan atxilotuta jarraitzen dute, preso palestinarren eskubideak defendatzen dituzten erakundeek salatu dutenez.

Horregatik guztiagatik, lurralde okupatuetako, Jerusalem ekialdeko eta Zisjordaniako saltoki, eskola, bulego eta bankuek ez dute normaltasunez lan egin astelehen honetan, greba orokorra deituta dagoelako, erasoaren aurkako nazioarteko lanuztea.

Bestalde, Israelgo indarrek Libanotik jaurtitako sei kohete bota dituzte iparraldean, Armadak gaur jakinarazi duenez. Testuinguru horretan, gutxienez zibil bat hil du Israelgo jaurtigai batek Taiba herrian, Libanoko hegoaldean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Egipto Eskubide unibertsalak Ekialde Hurbila