Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Gaza, aurrekaririk gabeko krisi humanitarioan, gerra hasi zela sei hilabete bete direnean
Israelek 14.500 haur palestinar baino gehiago hil ditu urte erdian, eta orain herritarrak goseak hiltzen hasi dira. GKEek su-etena eskatzen dute, eta gaur berrekingo diete negoziazioei. Netanyahuk aurreratu du ez dela su-eten bati buruzko akordiorik egongo Hamasek 133 bahituak askatu arte.
agentziak | eitb media
Gazako Eremua amildegian behera erortzen ari da bizi duen aurrekaririk gabeko krisi humanitario betean, gosete larriarekin eta desnutrizio maila handiarekin, 33.000 palestinar baino gehiago hil dituen Israelen oldarraldia hasi zela sei hilabete pasatu direnean.
"Azken sei hilabeteetan, Gazako herritarrek sufrimendu jasanezina bizi izan dute. Bi milioi pertsonak baino gehiagok utzi behar izan dute etxea, horietako askok behin baino gehiagotan", adierazi du Jamie McGoldrick Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak.
1948an Israelgo Estatua sortu zenean Nakba edo palestinar exodoa izan zenetik izan den palestinarren ihesaldi handiena eragiteaz gain, Gazako Gerrak gosetea izateko arriskuan jarri ditu milioi bat pertsona, Zerrendako biztanleen erdiak, eta haurren desnutrizioa lehenago ikusi gabeko mailara iritsi da.
Gutxienez 31 pertsona hil dira elikagai faltagatik eta deshidratazioagatik Gaza iparraldean, 27 adingabe tartean (gehienak haurtxoak), NBEren arabera. 677.000 herritar elikaduraren premia "larrian" daude, eta 28.280 haur, malnutrizio egoeran (hiru adingabetik bik desnutrizioa dute).
14.500 haur hilda
Urriaren 7an Hamasen erasoaren ondoren Israelek gerra hasi zuenetik, 33.137 palestinar hil ditu, lautik hiru zibilak, eta 14.500 haur tartean, Zerrendako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.
Zaurituak 75.800 baino gehiago dira, eta 2,3 milioi biztanle dituen eremuan hondakinen azpian 8.000 gorpu daudela uste dute.
NBEren arabera, "egoera guztiz katastrofikoa da", nahiz eta Israelek laguntza sartzeko neurriak hartu berri dituen; izan ere, World Central Kitchen gobernuz kanpoko erakundearen zazpi kide hil ostean, Israelek neurriak hartuko ditu laguntzaren sarrera koordinatzeko, eta sarbide gehiago irekiko ditu. Hala, orain arte laguntza sartzeko bi bide soilik zeuden irekita, Rafahkoa eta Kerem Shalomekoa, eta hitzeman du gehiago irekiko dituela eta egunero kamioi gehiago sartuko dituela.
"Traizioa gizateriari"
Martin Griffiths NBEren Gai Humanitarioetarako eta Larrialdietarako ordezkariak salatu du Gazaren aurkako gerra "gizateriaren aurkako traizioa" dela, azken sei hilabeteetako "dolu eta sufrimendua" ikusita.
"Gazako herritarrentzat, azken sei hilabeteek heriotzak, suntsipena eta gizakiak eragindako gosete lotsagarriaren mehatxua ekarri dituzte", adierazi du.
"Ez da osasun sistemarik egunero Gazan ikusten dugun lesio kopuruari, zauri motari eta arazo medikuei aurre egingo dionik", azaldu du Amber Alayyan Mugarik Gabeko Medikuen eledunak, eta Israelek "osasun sistema nahita eta sistematikoki suntsitu" duela salatu du.
Gerraren aurretik, 35 ospitale zeuden Zerrendan, baina "orain 10-12 zentro daude erdi martxan, baina hainbeste errefuxiatu daude bertan aterpetuta, gaixoentzako tokirik ere ez dagoela".
Mugarik Gabeko Medikuek, Save The Childrenek, Oxfamek, World Visionek eta gobernuz kanpoko beste hainbat erakundek "su-eten iraunkorra" eskatu dute "jada sei hilabete iraun duen zigor kolektiboa amaitzeko berehala".
Negoziazioak
Hain zuzen ere, Hamas mugimendu islamista palestinarrak baieztatu egin du ordezkaritza bat bidaliko duela igande honetan Kairora (Egipto) Israelekin su-etena negoziatzeko.
Israelek eta AEBk bahituak askatzea jartzen dute su-etenerako baldintza gisa, eta Israelgo Armadak Gazatik alde egitea eta bonbardaketak etetea da Hamasen lehentasuna. Gainera, talde islamistak su-etena mugagabea izatea nahi du.
Netanyahu: "Ez da su-etenik egongo bahituak askatu arte"
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk berretsi du ez dela su-eten bati buruzko akordiorik egongo Hamasek 133 bahituak askatu arte, eta erantsi du Israelek ez duela amore emango islamiarren "muturreko eskakizunen aurrean".