Mundua -
Gaza erasopean
Palestinako Aginte Nazionalak AEBrekin dituen harremanak berraztertuko ditu, NBEn sartzeko betoaren ondotik
Gutxienez 37 pertsona hil eta 68 zauritu dira Israelek azken 24 orduetan Gazako Zerrendan egindako erasoetan. Familia bereko bederatzi kide, 6 haur tartean, hil ditu Israelek erasoetako batean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek gaitzetsi egin du Nazio Batuen Erakundean sartzeko AEBk bere herrialdeari jarri dion betoa, eta agindutakoa ez betetzea egotzi dio, bakerako irtenbide gisa bi estatuak aitortzea aztertzen ari baitziren. Hori dela eta, ohartarazi du Washingtonekin dituen harremanak berraztertu egingo dituela, gertatutakoa kontuan hartuta.
"Agintari palestinarrek alde bien arteko harremanak berrikusiko dituzte, gure herriaren, interesen eta eskubideen babesa bermatzen duen bide bati helduta", adierazi du.
Washingtonek betoa jarri eta bi egunera WAFA albiste agentziari emandako elkarrizketan, Abbasek esan du "eraso goria" dela palestinar herriaren eskubideen, historiaren eta aberriaren kontra. Horren aburuz, gainera, AEBk aurre egin dio nazioarteko komunitatearen borondateari.Kontseiluan dauden 15 herrialdeetako 12k begi onez jo zuten Palestina NBEn sartzea, bi abstenitu egin ziren eta bakarra (AEB) agertu zen kontra. Hartara, Israelen bazkide nagusi izaten jarraitzen du AEBk, Ekialde Hurbilean tentsioa goraka doan bitartean.
37 pertsona hil dira Gazan azken 24 orduotan
Gutxienez 37 pertsona hil eta 68 zauritu ditu Israelek Gazako Zerrendan azken 24 orduotan, Hamasek kontrolpean duen Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.
Zerrendako ospitaleen datuak jaso ostean egunero argitaratzen duen txostenean, Ministerioak zabaldu du lau familia izan direla kaltetuenak.
Familia bereko bederatzi kide, sei haur tartean, hil dituzte erasoetako batean, Rafah hiriaren mendebaldean, Tel Sultan auzoan.
34.050 hildako Gazan, erasoaldia hasi zenetik
Bestalde, Israelek 34.050 lagun hil ditu Gazako Zerrendan erasoaldia hasi zuenetik, iturri horren arabera.