Mundua -

Aministia Internazionala

AIk nazioarteko zuzenbidearen gainbeheraz eta adimen artifizialaren instrumentalizazioaz ohartarazi du

Gerra areagotzen ari da, arauetan oinarritutako ordena globala "gainbeheratzeko arriskua" dagoen bitartean. Horren adibide, Israelek Gazan egindako "gerra krimenen zantzuak" pilatzen direla eta aliatuek ez dutela ezer egiten. Erakundeak Ukrainako, Myanmarko eta Sudango gatazkak ere aztertu ditu.

Gorpuak pilatuta Gazan. Irudia: Amnistia Internazionala
Gorpuak pilatuta Gazan.
Beltran: ''Gerra areagotzen ari da, arauetan oinarritutako ordena gainbeheratzeko arriskua dagoen bitartean''

2:01

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amnistia Internazionalak ohartarazi du mundu osoko gatazka belikoen gorakadak eta nazioarteko zuzenbidearen kolapsoak "ondorio izugarriak" izan dituztela dagoeneko, eta horiei adimen artifizialaren aurrerapen "azkarrak" gehitu behar zaizkie. Giza eskubideen egoera munduan izeneko urteko txostenean egin du irakurketa gobernuz kanpoko erakundeak, eta ez da batere itxaropentsua.

AIk marraztutako "panorama ilunaren" arrazoia da estatuek beren buruari emandako arauak maiz hausten dituztela, gero eta handiagoa den desberdintasun testuinguru batean eta krisi klimatikoa larriagotzen den bitartean. Azaltzen duenez, "superpotentziak nagusitasuna irabazteko lehiatzen dira".

Amnistia Internazionalak bereziki erreparatu dio Gazako egoerari. Izan ere, Israelen ekintzak "genozidioaren alerta seinaleak dira", eta, bitartean, bere aliatuek ez dute ezer egiten. Horrek "Israelek nazioarteko zuzenbidearekiko duen mespretxu nabarmena" baino ez du larriagotzen, Agnes Callamard GKEko idazkari nagusiak adierazi duenez.

Callamardek azpimarratu duenez, arauetan oinarritutako ordena globala "gainbehera erortzeko arriskuan dago", hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren "nazioarteko ordenamendu juridikoa" sortu zutenek eurek egiten dutenagatik edo egiten ez dutenagatik.

AIk deitoratu du gatazkak ez duela gelditzeko zantzurik ematen; aitzitik, "Israelgo Gobernuak nazioarteko zuzenbideari iseka egiten dion bitartean, Gazan gerra krimenen zantzuak pilatzen jarraitzen dira", eta horri gehitu behar zaizkio AEBek NBEko Segurtasun Kontseiluan duten beto eskubidearen "erabilera lotsagabea" eta Europako herrialdeen "neurri bikoitza". Azken horiek, "Errusiako eta Hamaseko gerra krimenen aurkako protesta sendoak" adierazten dituzten bitartean, "Israelgo eta AEBetako agintarien ekintzak babesten dituzte".

Txostenean, AIk Ukrainan "indar errusiarrek ezarritako arauen urratze nabarmenak" ere jasotzen ditu, herrialdea inbaditu zutenetik. Errusiak "populazio dentsitate handiko eremu zibilen aurkako bereizi gabeko erasoak" eta energia eta zerealen esportazio azpiegituren kontrako erasoak egiten jarraitzen du.

Horrez gain, AIk nabarmentzen ditu Myanmarko zibilen aurkako ekintzak (soilik 2023an 1.000 pertsonatik gora hil zituzten) eta Sudango gerra zibila (bi aldeek "ez dute interes handirik nazioarteko zuzenbide humanitarioarekiko"). Ahaztutako gatazka horrek munduko desplazatuen krisirik handiena eragin du: 8 milioi pertsonak baino gehiagok ihes egin behar izan dute.

Teknologia gorrotorako eta diskriminaziorako tresna gisa

Giza eskubideen arau-hausteen zerrenda luzean, erakundeak teknologiaren instrumentalizazioa nabarmentzen du, "gorrotoa, zatiketa eta diskriminazioa" sortzeko.

Adibidetzat jarri du aurpegiak identifikatzeko sistema, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Argentinan, Brasilen edo Indian protesta publikoak kontrolatzeko erabili dutena. Beste behin, Israel aipatzen du, Zisjordania okupatuan teknologia hori erabiltzen maisua delako, apartheid sistemari eusten laguntzeko.

Teknologia ez da protestak erreprimitzeko bakarrik erabiltzen, baita, gehiegikeriaz, migrazioa geldiarazteko eta mugak kontrolatzeko ere. Horrek "diskriminazioa, arrazakeria eta pertsona arrazializatuen kontrako zaintza betikotzen eta indartzen ditu".

Bitartean, Pegasus bezalako programa espioiak erabiltzen jarraitzen dute, bereziki kazetarien eta gizarte zibileko aktibisten aurka. AIk ohartarazi du ez dela oraindik erregulatu haren erabilera, ezta adimen artifizial sortzailearena ere. EBn onartutako zerbitzu digitalen legea gorabehera, erregulazioa "geldirik geratu da neurri handi batean".

"Gorrotoa, diskriminazioa eta desinformazioa sare sozialetako algoritmoen bidez anplifikatzen eta hedatzen direla ikusi dugu, beste guztiaren gainetik 'parte-hartzea' maximizatzeko", azaldu du Callamardek.

Txanponaren beste aldean, Amnistia Internazionalak "aurrekaririk gabeko" mobilizazio globala aipatzen du, adibidez, Gazan genozidioaren amaiera eskatzeko mundu osoan egiten ari diren protestak. Emaitzarik eman ez duten arren, erakundeak gizarte zibilaren lorpen batzuk aipatu ditu: Taiwango Sexu Eraso Delituen Prebentziorako Legea; COP28ren neurriak, eta Matiullah Wesa hezkuntzaren aldeko ekintzaile afganiarraren askatasuna, hainbat hilabetetako kanpainaren ondoren.

Nazioarteko zuzenbidean oinarritutako sistema baten hondamena azpimarratzen du GKEak. "Egoera global iluna dela eta, premiazko neurriak behar dira gizateria babesteko sortu ziren nazioarteko erakundeak biziberritzeko eta berritzeko. NBEko Segurtasun Kontseilua erreformatzeko neurriak hartu behar dira, kide iraunkorrek ezin izan dezaten betoa inolako kontrolik gabe erabili zibilen babesa eragozteko eta aliantza geopolitikoak indartzeko", eskatu du Callamardek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia Erresuma Batua Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Errusia-Ukraina gerra