Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Palestinaren aldeko ekintza ugari, larunbat honetan, Hego Euskal Herriko herri eta hiriburuetan
Kapital israeldarra duen NYX hotelean "Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota" zioen pankarta bat zabaldu du ekintzaile talde batek goizean. Ondoren, Bilbon bezala, beste hainbat lekutan ere Isralene genozidioa salatzeko bilkurak egin dituzte leku ugaritan.
eitb media
Gernika-Palestina herri ekimenak antolatuta, Hego Euskal Herriko dozenaka herritan eta hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte Israelen genozidioa salatzeko.
Aurrez, sei pertsona igo dira gaur goizean Bilboko Areatzan dagoen NYX hoteleko fatxadaren erlaitzera "Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota" leloa zuen pankarta bat zabaltzeko. Ertzaintzak jaitsarazi eta identifikatu egin ditu ekintzaileak.
NYX hotela ezaguna da kapital israeldarra duelako, eta Palestinaren aldeko protesta ugari egin dira horren aurrean.
Ekintzaileek zabaldutako oharrean azaldu dutenez, dozenaka protestari elkartu dira Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako aldarrikapenak egiteko.
Zabaldu dituzten eskuorrietan emandako azalpenen arabera, Bilboko Udalak ez zuen onartu Palestinaren aldeko mozio bat, eta "hiria interes sionistaz beteta" dago.
Ekintzaileek maiatzaren 15ean ospatuko den eta palestinarrentzat hain garrantzitsua den Nakba ere oroitu nahi izan dute gaurko protestarekin, eta "erakunde politiko, instituzional eta akademikoei erregimen sionistarekiko harremanak eteteko" eskatu diete.
Era berean, Palestinaren alde deitzen diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Hain zuzen ere, ekintzaile horiek bat egin dute ondoren Gernika-Palestina ekimenak deituta Bilboko Udalean egin den elkarretaratzean.