Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Gantzek Israelgo Gobernuaren gerra kabinetea utzi du

Gainera, udazkenean hauteskunde aurreratuak deitzeko eskatu du. Netanyahuk leporatu dio "indarrak batzeko unea" dela, eta ez aldentzekoa Gazako gerraren kudeaketan dituzten desadostasunak gora-behera.

Benny Gantz. Argazkia: EITB
Benny Gantz. Argazkia: EITB
Benny Gantz. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benny Gantz Batasun Nazionala alderdi israeldarreko buruak igande honetan iragarri duenez, Benjamin Netanyahu lehen ministroak gidatzen duen Israelgo Gobernuaren gerra kabinetea utzi du, Gazako Zerrendako erasoaldi militarrari amaiera emateko estrategia falta argia dela eta.

Gantzek prentsaurrekoa eman du, eta Netanyahu kritikatu du bertan, "benetako garaipena lortzea eragozteagatik". Gaineratu duenez, Hamasen urriaren 7ko erasoen ostean herrialdearen onerako egin zuen bat koalizioarekin, "gobernu txarra zela bagenekien arren". Harrezkero, "arrazoi politikoak" argudiatuta gogoeta estrategikoa egitea baztertu dutela esan du.

Israelgo herriak "promesa hutsak" baino gehiago merezi dituela adierazi du, eta "benetako garaipena" bahituak itzultzea, Hamas Gazako gobernuan ordezkatzea eta Iranen aurkako eskualdeko aliantza bat sortzea dela azaldu du.

Horregatik guztiagatik, udazkenean hauteskunde aurreratuak deitzeko eskatu du. Adostutako data batean izatea eskatu du, eta Joe Biden AEBko presidenteak bahituak askatzeko proposatutako akordioa babestu du.

Gantzek ikerketa batzorde bat sortzea ere eskatu du, "barne akatsak aztertzeko eta kanpoko eraso kritikoetatik babesteko".

Gantzekin batera, dimisioa eman dute Netanyahuri zuzendutako gutun batean Gadi Eisenkot ministro eta Gerra Kabineteko begiraleak, eta Chili Troperrek, Batasun Nazionaleko kideak.

"Indarrak batzeko unea"

Gantzek dimisioa iragarri eta gutxira, Netanyahuk leporatu dio "indarrak batzeko unea" dela, eta ez aldentzekoa Gazako gerraren kudeaketan dituzten desadostasunak gora-behera.

"Israel gerra existentzial batean murgilduta dago, zenbait fronterekin. Benny (Gantz), hau ez da kanpaina uzteko unea, indarrak batzekoa baizik", adierazi du Netanyahuk X sare sozialean, erasoaldiak garaipenera arte iraungo duela gaineratu aurretik.

Gainera, Netanyahuk esan du ateak irekita dituela "etsaiak" gailentzeko eta "segurtasuna bermatzeko" lagundu nahi duen "edozein alderdi sionistarentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila gaur Netanyahu, Israelgo lehen ministroa