Mundua -
Gaza, erasopean
Israelek gutxienez 29 pertsona hil ditu eskola baten aurka egindako eraso batean, Khan Yunisen
Gainera, gutxienez 30 bat pertsona, gehienak zibilak, hil dituzte azken orduetan Gazako Zerrendaren erdialdeko errefuxiatu-eremuetan. Israelgo Armadak Gaza hiria ere setiatu du.
Agentziak | EITB Media
Israelek Khan Yunisen, Gazako Zerrendaren hegoaldean, eskola baten aurka egindako eraso batean gutxienez 29 pertsona hil eta beste dozenaka zauritu ditu, Palestinako zenbait hedabideren arabera.
Gainera, gutxienez 30 bat pertsona, gehienak zibilak, hil dituzte azken orduetan Gazako Zerrendaren erdialdeko errefuxiatu-eremu suntsituetan. Israelgo Armadak Gaza hiria ere setiatu eta gazatarrak babesteko txoko segururik gabe utzi ditu.
Azken egunean, Israelgo indarrek "sei sarraski egin dituzte erdialdeko errefuxiatu-eremuetan, eta ordu gutxitan 29 pertsona hil dituzte, gehienak haurrak eta emakumeak", azaldu du Hamas talde islamistak ohar batean.
Erasotuena Al Nuseirat errefuxiatu-eremua izan da, Gaza hiritik zortzi kilometro hegoaldera. Esparru horretan, Israelgo Armadak familia bereko 17 kide hil ditu, tartean 14 adingabe eta emakume.
Eta handik bost kilometrora, Deir al Balahen, emakume batek eta haren semeak bizia galdu dute Israelen bonbardaketa bortitzen ondorioz. Armada sionistak herri horretara ihes egiteko agindua eman zien atzo Gaza hiriko desplazatuei.
Bureijeko errefuxiatu-eremuan, bederatzi pertsona hil dituzte Israelen bonbardaketetan, tartean emakume bat eta lau haur.
Hala, azken 24 orduetan, gutxienez 50 pertsona hil dituzte Gazako Zerrenda osoan, eta guztira 38.243 hildako, 88.033 zauritu eta milaka desagertu daude hondakinen azpian. Horrez gain, hondamenaren, gosetearen, ur, botika eta erregai eskasiaren erdian bizirik dirauten ia bi milioi desplazatu daude.
Bestalde, Israelgo Armadak ume palestinar bat hil du gaur Zisjordaniako Deir aba Mashal herrian izandako operazio batean, Ramala inguruan, Palestinako agintariek salatu dutenez.