Politika -
Balizko akordioak
PP:'Moderazioaren alde eginez gero, EAJrekin negoziatzeko prest gaude'
Antonio Basagoiti PPko Euskadiko presidenteak esan duenez, lehendakariaren lehentasuna ekonomia bada, EAJrekin "akordioak lotzeko aukerak egongo dira".
Erredakzioa
Iñigo Urkulluk "moderazioaren eta elkarbizitzaren alde eginez gero", eta baldin eta Artur Masen asmo subiranoekin bat egiten ez badu, PP lehendakariarekin hainbat alorretan akordioak hitzartzeko prest dagoela azpimarratu du Antonio Basagoiti PPko Euskadiko presidenteak.
EFEri eskainitako elkarrizketa batean Basagoitik esan duenez, lehendakariaren lehentasuna ekonomia bada, EAJrekin "akordioak lotzeko aukerak egongo dira".
Basagoitik inbertsioak eta enplegua sustatzeko neurri ekonomiko eraginkorrak eskatu ditu, eta "zatiketa suspertzen duen balizko herri-proiektua" errefusatu du. "Urkullu Rajoyrengana badoa Gernikako Estatutuaren apurketa bat planteatzeko, Kataluniak nahi duen bezala, hobe bidaia hori ez egitea".
'Ibarretxe plana' leunduta
Antonio Basagoitik adierazi duenez, Urkulluren asmoa izango da legealdia ekonomiaren lehentasunarekin hastea, eta ondoren, "Ibarretxe plana leunduta batekin" amaitzea, "baina era samurrean, Katalunian jazotakoa ez errepikatzeko". "Gure jarrera oso argia izango da, 2013an eta 2015ean", ohartarazi du.
Bere esanetan, "aurrekontuetan ez dugu akordiorik lotuko, baldin eta ondoren, PSEren laguntzarekin Estatutua erreformatzeko asmoa badu, edo Bilduren laguntzaz, ETAren amaierarik buruzko istorio faltsua idatzi nahi badu, ezta pentsatu ere".
Halaber, Basagoitik Urkulluren aurreneko pausoak kritikatu ditu, Arabako aurrekontuen onarpenean EAJk laguntza eskaini ez zuelako.