Politika -
Bilboko Auzitegia
Brouarden auzia zabalduko dute, eta familiak parte hartuko du
Julian Sancristobal Espainiako Segurtasun zuzendari ohiak hilketan zerikusirik izan ote zuen ikertu nahi du kasuko epaileak.
Erredakzioa
Bilboko 1. zenbakiko epaitegiak Santi Brouard Herri Batasuneko buruzagi ohiaren hilketaren auzia berriz irekiko du, Jose Amedo polizia ohiak Jose Morcillo Pinillos enpresari granadarraren aurka salaketa jarri ondoren. Brouarden familiak jakinarazi duenez, auzian parte hartuko du.
Antza denez, Julian Sancristobal Espainiako Segurtasun zuzendari ohiak hilketan zerikusirik izan ote zuen ikertu nahi du Ana Isabel Gasca kasuko epaileak. Amedok bideo bat aurkeztu dio epaileari, eta, bertan, Morcillok Brouarden hiltzailea dela aitortzen omen du.
Edurne Brouardek Europa Press albiste agentziari esan dionez, oraindik ez dakite epaileak zer dela eta ireki duen auzia, baina familiak epaiketan parte hartuko du Txema Montero abokatuaren bitartez, gertatzen denaren gaineko informazioa eduki ahal izateko.
Aurrez, Santi Brouarden hiketa argitzen saiatzeko bi epaiketa egin dira, baina ez da guztiz argitu horren atzean zein zeuden eta hilketa nork egin zuten.
Amedoren salaketa
Jose Amedo poliziaburu espainiar ohiak Luis Morcilloren aurkako salaketa jarri zuen abenduan Bilboko Auzitegian, Santi Brouard Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea hiltzea leporatuta.
Amedok bideo bat aurkeztu zion epaileari, eta bertan Morcillok Brouarden hiltzailea dela aitortzen omen du. Poliziaburu ohiak bideoaren transkripzioa ere eman omen dio epaileari.
Froga berriak daudela eta, Ana Isabel Gasca kasuko epaileak auzia berriro irekitzea erabaki du Brouarden hilketa aztertzeko.