Politika -
Errepublika Eguna
Errepublikaren aldeko ekitaldiak nonahi, monarkiaren unerik latzenean
Zenbait udalerri aldarrikapenen agertoki bihurtu dira, tartean, Eibar, Irueña eta Gasteiz. Gainera, balore errepublikanoak goratzeko manifestazioa handia izan da Madrilen.
Erredakzioa
II. Errepublikaren aldarrikapenaren 82. urteurrenean, Euskadiko hainbat udalerrik data ospatzeko zenbait ekitaldi hartu dituzte. Horren harira, Ezker Anitza-IUk Eibarren, Unzaga plazan, 12:00etan izan den ekitaldian parte hartzera animatu ditu herritarrak. Bertan, berdintasuna, justizia soziala, partehartzea eta subiranotasuna aldarrikatu dituzte.
Gasteizen, berriz, abesbatza errepublikanoa izan da protagonista. Errepublikaren kantak abestu dituzte 12:30etatik aurrera, Aldundian hasita, Aiztogile kaleraino (Legebiltzarretik, Andra Mari Zuritik eta Fariñatik igarota).
Halaber, Ahaztuak 1936-1977 estatu-kolperen, errepresioaren eta Frankismoaren biktimen elkarteak azaldu duenez, "Gora Errepublika! Gora herri borondatea!" lelopean ospatu du data. "Estatuaren erakundeen krisiak eta klase politikoaren ospe-galtzeak agerian utzi duten egungo demokrazia eskasaren aurrean, benetako demokrazia" aldarrikatu du aurten elkarte horrek.
Gerra Zibilean fusilatutakoei omenaldia, Iruñean
Orain zazpi hamarkada baino gehiago 300 lagunetik gora fusilatu zituzten Iruñeako Ziudadelako zuloetan, eta Gerra Zibilean Nafarroan hildakoen omenaldiaren bilgune izan da lekua beste behin.
Errepublikako banderaz josi da Ziudadela eta une hunkigarriak bizitu dituzte hildakoen senitartekoek. Halaber, urte hauetan guztietan hildakoen arrastoak eta memoria berreskuratzeko lanetan egon direnak omendu dituzte, besteak beste, Aranzadiko lantaldea. Bertako aditu nagusia Pako Etxeberria gipuzkoarra da.
Ezin izan du omenaldirako garaiz iritsi; izan ere, Txilen egon da Pablo Neruda poetaren gorpua hilobitik ateratzeko lanetan. Hala ere, Aranzadiko lankideek jaso dute Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearen esker ona, eta aste honetan bertan, Vianako Printzearen Saria jasotzeko Etxeberriaren hautagaitza aurkeztuko du elkarteak.
III. Errepublika
Milaka lagun bildu dira Madrilen II. Errepublikaren 82. urteurrena ospatzeko manifestazioan. Estatuko Batzorde Errepublikanoak deitutako manifestazioan hirugarren errepublika eskatu dute.
"78. urteko Konstituzio monarkikoari ez" lelopean, Madril erdialdeko kaleetatik zehar egin dute manifestazioa. Europako Ezkerra Alderdiko ordezkaritza bat ere egon da bertan, Maite Mola alderdiko presidenteordearekin eta Greziako Syriza eta Alemaniako Die Linke alderdietako kideekin.
Bestalde, Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak esan duenez, "III. Errepublikaren etorreraren alde lan handia ari da egiten monarkia". Errepublikaren Egunean deitutako manifestazioan parte hartu baino lehen egin ditu Cayo Larak adierazpen horiek.