Politika -
Asteburu honetan
Ez dituzte Bizkargi Eguneko ekitaldiak ospatu
Bizkargi Eguneko ekitaldiak debekatuz idatzia helarazi zion Auzitegi Nazionalak Ertzaintzari.
Erredakzioa
Azkenean, ez dituzte Bizkargi Eguneko ekitaldiak ospatu Auzitegi Nazionalak ekitaldi horiek debekatu ostean.
Bizkargi Eguneko ekitaldiak debekatuz idatzia helarazi zion Auzitegi Nazionalak Ertzaintzari, Segurtasun Sailak ohar batean jakitera eman zuenez. Iturri hauek eitb.com-i berretsi diotenaren arabera, ez da ekitaldirik egon eta Ertzaintzak ez du esku hartu behar izan.
Asteburu honetarako deitu zituzten ekitaldiak Bizkargi mendian eta Larrabetzun.
Bilboko Burdinazko Gerriko gisa ezagutzen denaren defentsan Espainiako Gerra Zibilean Bizkargi mendian hildako gudariei urtero egiten dieten omenaldia da Bizkargi Eguna. Aurtengoa ez da lehen debekua, ordea. Izan ere, 2011n Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak ekitaldiak debekatu zituen, omenaldiak hildako ETAko militanteak goratzea helburu izango zuela iritzita.
Ostiral honetan jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteburu honetako ekimenak debekatzen zituen idatzia. Autoan ''Borrokarako jaio gara'' lelopean gudariak omentzeko deitutako ekitaldia debekatu zuen ANk, eta 'ekitaldia egin ez zedin "beharrezkoak diren neurri guztiak hartzera'' deitu zuen Ertzaintza.