Politika -
Puruak eta otorduak
Lemoako alkate ohiak EAJri afiliatu agiria eman dio
Alderdiaren kudeaketa "estiloa ez" dela errepikatu du Bizkai Buru Batzarrak; izan ere, EAJko udal gehienetan gobernu "gardenak, eraginkorrak eta zintzoak" izan dituzte.
Erredakzioa
Javier Beobide Lemoako (Bizkaia) alkate ohiak alderdiko afiliatu agiria "borondatez" entregatu zuen atzo, EAJk gaur jakitera eman duenez. Jatetxeetako otorduetan eta puruak erosketan dirutza xahutu zuela argitaratu zuten duela zenbait egun.
Andoni Ortuzar alderdiko presidenteak atzo Lemoako herritarrei barkamena eskatu zien. Gaur gauza bera egin du EAJko Bizkaiko zuzendaritzak agiri batean.
Bilduk salatu zuenez, EAJko udal-gobernuak 175.000 euro xahutu zituen 2007tik 2011ra arte protokoloan, puruen erosketan eta jatetxeetako otorduetan.
Alderdiaren kudeaketa "estiloa ez" dela errepikatu du Bizkai Buru Batzarrak; izan ere, EAJko udal gehienetan gobernu "gardenak, eraginkorrak eta zintzoak" izan dituzte, "herri bakoitzeko bizilagunen ongizatea lortzera bideratuta".
"EAJren kudeaketa eredua"
Bestalde, "EAJren kudeaketa ereduak purutan 16.000 euro xahutzea" ahalbidetzen duela adierazi du gaur Saioa Elejabarrieta (Bildu) Lemoako alkateak.
Irune Sotorekin (Bilduko bozeramailea Bizkaiko Batzar Nagusietan) eta Aitor Erauzkin zinegotziarekin batera agerraldia egin du alkateak. Salatutako gastuak "legez kanpokoak izan beharrik ez" dutela esan genuen hasieratik, baina "ez dute justifikaziorik", Elejabarrietaren ahotan.