Politika -

Bilera Moncloan

Estatu ituna egiteko baldintzak ez dira betetzen, Rajoyren esanetan

Akordio partzialak lortzeko, hitz egiteko prest agertu dira CCOO eta UGT sindikatutako idazkari nagusiak.

Rajoy
Rajoy
Mariano Rajoyk ez du itun nazionala sinatuko

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak zail ikusten du eragile sozialak eta alderdi politikoak bilduko dituen estatu ituna egitea, izan ere, "ez dira horretarako baldintzak betetzen", Ignacio Fernandez Toxo CCOOko eta Candido Mendez UGTko idazkari nagusien iritzian. Hala ere, akordio partzialak lortzeko, hitz egiteko prest agertu dira Toxo eta Mendez. Bestalde, Rajoyk azpimarratu du pentsioez eta babes sozialeko neurrien gainean hitz egiteko prest agertu direla alde guztiak.

09:00etan hasita, bilera egin dute gaur Moncloan, eta bertan izan dira Mariano Rajoy Espainiako presidentea, Fatima Bañez Lan ministroa, eta Juan Rosell (CEOE) eta Jesus Terciado (Cepyme) patronaletako presidenteak, eta CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak.

Egoera ekonomikoa eta langabezia datuak aztertzeko deitu dute bilera; izan ere, dagoeneko 6 milioi langabe baino gehiago daude Espainian.

Candido Mendezen esanetan, gaurko bileran "argi" hitz egin dute, eta Rajoyk azaldu omen die gaur egun ez direla estatu ituna egiteko baldintzak betetzen. Rajoyren erantzunaren aurrean, atsekabetuta agertu da Mendez: "Asko sentitzen dugu".

Rajoyren iritziz, gai garrantzitsuenak kreditua eta Europa dira; Mendezen ustez, ordea, enpleguaren krisia jorratzea eta babes soziala areagotzea dira lehentasunak. Horren esanetan, enpleguaren krisiari aurre egiteko, akordioak lortzea eskatzen du Espainiako gizarteak, baina bidea ez da beste garai bateko itunak berreskuratzea; formulazio berriak aurkitzeko garaia da, elkarrekin bidea egiteko.

Bestalde, bilera 17 hilabeteko atzerapenarekin egitea aurpegiratu dio Espainiako presidenteari. Halaber, lan erreforma dekretuz onartzea eta sindikatuei horren berri telefonoz ematea leporatu dio.

Ignacio Fernandez Toxoren arabera, Rajoyk adeitasunez hitz egin die, eta estatu ituna egitea zail ikusten duela adierazi die. Toxoren aburuz, ituna ezinbestekoa da herrialdeak bizi duen larrialdi egoerari aurre egiteko.

Gobernuak estatu ituna begi onez ikusten ez duenez, elkarrizketa soziala berreskuratzea proposatu omen die. Mahai horretan administrazio publikoaren erreforma, pentsioak, formazio profesionala, gazteen enplegua eta negoziazio kolektiboa izango dituzte hizpide. Estatu ituna lortzeko aukerarik ez dagoelako onartu omen dute sindikatuek gai horiek negoziatzea: "Ez diogu aterik itxiko negoziazio bide berriei".

Sindikatuek estatu ituna egitea eskatzen badute ere, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak uko egin dio proposamen horri. Rajoyren esanetan, Gobernuak dagoeneko zehaztu du bere norabidea eta helburu errealistak finkatzeko garaia dela. Hala ere, pozik agertu da Europako gaietan eta soldaten alorrean bat etorri direlako, eta alde guztiak pentsioez edota babes sozialeko neurri berriez hitz egiteko prest agertu direlako.

Estatu ituna zergatik ez den posible galdetuta, helburu errealistak jarri behar direla esan du.

CEOE

Bestalde, Estatu itun bat lortzea "zail" ikusten du Juan Rosell CEOEko presidenteak, eta "Gobernuak bakarrik edo laguntzarekin erabaki beharko dituen gaiak" izango direla aurreratu du.

Rosellek prentsaurrekoan azaldu duenez, legealdiko aurreneko bileran "iritzi ezberdinak" azaldu dira, baina Gobernua "operazioen mahaian" dagoela gogorarazi du, "eta berak egin behar ditu gauzak". Zentzu horretan, 2013-2016 erreformen plan nazionalaren alde azaldu da.

Gainera, enpresaburuek "jarrera konstruktiboa eta ulerkorra" izango dutela esan du, Exekutiboari gauzak "erraztuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea CCOO albisteak UGT Antonio Garamendi