Politika -

28 urteren ondoren

Bakearen Aldeko Koordinakundeak agur esan du ekitaldi sinboliko batean

Erakundeak agur esan dio ibilbide luzeari lehenengo ekitaldia egin zuen leku berean, hiriburu bizkaitarreko plaza Biribilean.

Bakearen Aldeko Koordinakundearen azken ekitaldia. Argazkia: EFE
Bakearen Aldeko Koordinakundearen azken ekitaldia.
Bakearen Aldeko Koordinakundeak agur esan du

2:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakearen Aldeko Koordinakundeak agur esan du 28 urteren ostean, Bilboko plaza Biribilean egin duten ekitaldian.

Bakearen aldeko taldearen desegitea ekitaldi sinboliko batekin egin dute eta herritarrez gain, alderdi politikoetako ordezkariak egon dira, tartean, Iñigo Urkullu lehendakaria, Patxi Lopez PSE-EEko buruzagia, Nerea Llanos PPko legebiltzarkidea eta Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea.

1985eko azaroaren 25ean jaio zen Koordinakundea, komunikabideetan oihartzunik izan gabe eta herritarren eta alderdien babes txikiarekin. Gaur, ordea, alderdi politiko nagusien ordezkariekin eta gizarte erakundeen eta herritarren babesarekin agurtu da.

Ildo horretan, ETAren aurkako borrokan  izan duten "adorea" eskertu diete herritarrei.

Ekitaldia 12:00etan hasi da Bilboko Plaza Biribilean, orain 28 urte lehen ekitaldia egin zuten toki berean. "Etorkizuna dago. Geurea da" lelopean, mugimenduaren ordezkariek komunikatu bat irakurri dute eta "gizarteak pairatzen zuen iluntasun etikotik atera, eta giza duintasuna eraikitzen hasi zirenen taldekoak izateagatik harro" daudela berretsi dute.

"Gaur, etorri ginen bezala joango gara. Gizartean desegingo gara ostera ere, guztiz arrunt, guztiz anitz eta guztiz aske", esan dute.

Halaber, euren ekitaldiekin inoiz bat egin dutenei eskerrak eman dizkiete.

"Gure ustez, hiritar xumeak garelarik, gure esku zegoen guztia egin dugu indarkeriari eta  bere ondorio lazgarriei aurre egiteko", azpimarratu dute.

"Giza Eskubideen eta hastapen demokratikoak izan dira gure ikur eta tresna bakarrak. Horiek argitasun, sentsibilitate eta ñabarduraz beteriko ahotsa lantzen lagundu digute. Gu guztion kontra egindako erasoa jasan zuten biktimenganako elkartasuna abiapuntu hartuta, Zuzenbide Estatuak izugarrikeriari emandako erantzuna guztiz garbia izan dadin exijituz ere, gure koordinakundeak, elkarbizitzaren gutxieneko hastapen eta jarrera etikoak garatu izan ditu", nabarmendu dute.

Minutu bateko isilunearen ostean, txalo zaparrada baten artean agurtu dira eta parte-hartzaileek globoak askatu dituzte; mugimenduaren ikur den uso zuriarekin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea