Politika -

Kontrol saioa

Jaurlaritzak LOMCE legea ezartzea 'saihestuko' duela esan du Urkulluk

Lehendakariaren esanetan, Gasteizko Gobernuak "ahalmen arauemaile guztia" erabiliko du, Wert ministroaren erreforma "saihesteko".

Urkullu Legebiltzarrean
Urkullu Legebiltzarrean
Urkullu Legebiltzarrean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak "saihestu" egin du Espainiako Gobernuaren Hezkuntza erreforma (LOMCE) ezartzea, betiere Eusko Legebiltzarraren eta hezkuntzaren sektoreko eragileen babesa badu.

Urkulluk Gasteizko Ganberan egin ditu adierazpenok, Gobernuaren kontrolerako saioan, Juanjo Agirrezabala EH Bilduren legebiltzarkidearen galdera bati erantzunda.

Koalizio abertzalearen parlamentariak LOMCE legea ez ezartzeko zer egingo duen galdegin dio, eta erreforma hori "euskararen, euskal curriculumaren, EAEko hezkuntza sistemaren eta Euskal Herriaren aurkako eraso handiena" dela salatu du. Gainera, Madrilekin ez dagoela "zer negoziatu" gaineratu du, eta, hortaz, "desobedientzia"rako deia egin du.

Lehendakariaren hitzetan, Jaurlaritzak Jose Ignacio Wert ministroaren erreformaren aurkako jarrera "argia" izan du, eta "ahalmen arauemaile guztia" erabiliko dute, Euskadin ezartzea "saihesteko".

Indarkeria matxistaren aurkako programa

Bestalde, Jaurlaritzak ikastetxeetan indarkeria matxista prebenitzeko programa bat aurkeztuko du hilaren 21ean, Urkulluk aurreratu duenez.

Azken asteetan Euskadin hainbat emakume hil dituztela eta, eta PSE-EEk eta EH Bilduk egindako bi galderari erantzunda, Gobernuak tratu txarren biktimak babesteko eta artatzeko "zerbitzu guztiak" mantenduko dituela esan du Urkulluk.

Gainera, emakumeen aurkako indarkeria kasuen inguruko datuen erregistro integral bat sortuko dutela iragarri du.

Txaro Sarasua PSE-EEko legebiltzarkideak Indarkeria Matxistaren Biktimak Artatzeko Zuzendaritza ez desagertzea eskatu du, "atzerapausoa" litzatekeela iritzita.

EH Bildutik, Diana Urreak babesgabetasun handiena duten emakumeak babesteko deia egin du, eta prostituzioan aritzen direnak eta etorkinak aipatu ditu, besteak beste.

"PPk irekita du akordioa lortzen atea"

Itunen politikei dagokienez, lehendakariak akordioak lortzeko "atea irekita" duela berretsi dio gaur Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteari, eta, gainera, Espainiako Gobernuaren aurrean bitartekari lanak egin eta Kupoa eta abiadura handiko trena adostea eskatzeko deia egin dio.

Horren haritik, Quirogak itunen eta akordioen politika aldarrikatu du, eta EAJren eta PSE-EEren arteko negoziazioen aurrean, akordio "zabalagoak" bilatu beharko lituzkeela esan dio lehendakariari. "Akordioa nazionalisten eta sozialisten artean lortzen ziren mundu hura ez da gaur egungo mundua, amaitu egin den eta dagoeneko itzuli ez den mundu zahar bat da", gaineratu du.

Hori horrela, Urkulluk akodioak hiru esparrutan lortzea proposatu dio Quirogari: ekonomia eta enplegua, bakea eta bizikidetza eta autogobernua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Heziberri hezkuntza plana Azken albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua albisteak PSE-EE Gipuzkoa Euskadiko PP bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hezkuntzako albisteak 2024