Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
PPk Iturgaizen eta San Gilen hitza 'sinesten' duela esan du Semperrek
EAEko PPko bozeramailearen esanetan, alderdiaren kontu ofizialak aztertu dituzte, eta "dena zuzenbidearen arabera" egin zutela ondorioztatu dute.
Erredakzioa
Borja Semper EAEko PPk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak azaldu duenez, alderdiaren kontu ofizialak aztertu dituzte, eta "dena zuzenbidearen arabera" egin zutela ondorioztatu dute.
Horren haritik, horrek Carlos Iturgaiz eta Maria San Gil buruzagi ohiek esandakoa frogatu egiten duela nabarmendu du Semperrek: "Guk sinetsi egin behar dugu [Iturgaizek eta San Gilek] esandakoa, eta sinetsi egiten dugu".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Semperrek Barcenas auzia hartu du hizpide, eta ukatu egin du EAEko PPk milioi bat euro eman izana Luis Barcenas PPko diruzain ohiari. Ustez, 1999. eta 2005. urteen artean hainbat enpresaburuk emandako legez kanpoko komisioetatik lortu zuten diru hori.
PPko bozeramailearen ustez, Barcenasek "susmoak" piztu nahi izan ditu EAEko PPn, horren aurka "oso irmo" agertu baitira.
"Carlos Iturgaizekin eta Maria San Gilekin hitz egin dugu, eta sinetsi egiten ditugu horien hitzak. Gainera, horren guztiaren gainetik, kontuak eskuartean ditugu, eta publiko egin ditugu", gaineratu du.