Politika -

Desanexio prozesua

Trebiñu Arabara batzeko tramiteak hasi ditu Eusko Legebiltzarrak

EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek EAEren eta Gaztela Leon autonomia erkidegoaren arteko mugak aldatzeko lege proposamena onartu dute.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Trebiñuk eta Argantzunek Araban sartzeko lehen urratsa eman dute

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak tramiteak hasi ditu ostegun honetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eta Gaztela Leon autonomia erkidegoaren arteko mugak aldatzeko eta Trebiñu Arabara batzeko lege proposamena Diputatuen Kongresura eramateko.

Trebiñu Arabara batu ahal izateko lege organiko berri bat onartzea eskatuko dute EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk Diputatuen Kongresuan. Alderdi Popularra eta UPyD bestalde, abstenitu egin dira gaurko Legebiltzarreko bozketan.

EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdien arteko akordioaren ondoren, erabakiari ebazpenak aurkezteko epea zabalduko da Eusko Legebiltzarrean, eta ekimena Diputatuen Kongresura bidali aurretik, beste osoko bilkura bat egin beharko dute behin betiko testua onartzeko eta trebiñuarren eskaria defendatuko duten ordezkaritza aukeratzeko.

Proposamen horrekin Diputatuen Kongresuak lege organiko bidez Araba eta Burgos arteko muga berriak onartzea nahi dute. Prozedimendu horrekin ez litzateke Gaztela Leongo Gobernuaren onespenik beharko; izan ere, aurrez desanexioaren kontra agertu izan da hainbat alditan.

Trebiñuko eta Argantzuko Udalek Gaztela Leon autonomia erkidegotik banatzeko eta Arabara batzeko tramiteak hasi zituzten iragan martxoan.

Aurrez, beste bi alditan saiatu dira desanexio prozesua aurrera eramaten, baina Gaztela eta Leongo Gobernuak eragotzi egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arabako berriak