Politika -
Bake prozesua
Egibar: 'Bakea egonkortzeko behin betiko pausoak eman behar dira'
Iraganaren kritika egiterako garaian "ausardia" izateko eskatu dio buruzagi jeltzaleak ezker abertzaleari, eta Espainiako Gobernuari, berriz, kartzela-politika goitik behera aldatzeko.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidentearen esanetan, "bake proiektua eta elkarbizitza sendotzeko pauso zuzenak eta behin betikoak eman behar dira". Izan ere, gaur bete dira bi urte ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuela.
Egibarrek aktualitate politikoa izan du hizpide Eskoriatzako EAJren 100. urteurrenaren harira egin duten ekitaldian. Andoni Ortuzar EAJko buruzagia ere bertan izan da.
Iraganaren kritika egiterako garaian "ausardia" izateko eskatu dio buruzagi jeltzaleak ezker abertzaleari, eta Espainiako Gobernuari, berriz, kartzela-politika goitik behera aldatzeko.
'Parot doktrina' ere izan du hizpide Egibarrek. Horren ustez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak doktrina behin betiko baliogabetzen badu, "giroa lasaitu egingo da".
ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri osteko bi urteak aztertuta, "bake prozesua eta elkarbizitza behin betiko egonkortzeko ezinbestekoa da alde guztiek pausoak ematea", esan du Egibarrek.
"Armak utzi ditu eta horiek entregatu egin behar ditu, duela bi urte iragarritako erabakiaren ostean prozesuak bere bidea egin dezan", gaineratu du.
Bestalde, garai honetan epaiketak soberan daudela adierazi du. "Iraganeko estrategiak dira horiek, eta ezinbestekoa da kartzela-politika egokitzea", gaineratu du. Eskari hori Espainiako Gobernuari egin diotela nabarmendu du.