Politika -
Parot doktrina
Elkarretaratzeak deitu dituzte Estrasburgoko ebazpenaren harira
Kontzentrazioak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean deitu dituzte, 11:00etatik 13:00etara. Arratsaldean, manifestazioak antolatu dituzte hiriburuotan.
Erredakzioa
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren harira bere ebazpena jakinarazten duela eta, elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte gaurko zenbait alderdik, sindikatuk eta gizarte eragilek.
EA, Aralar, Alternatiba edo Sortu bezalako alderdiek, LAB edo EILAS sindikatuek eta ESAIT, Bilgune Feminista edota Euskal Herrian Euskaraz gizarte eragileek egin dute mobilizatzeko deia. Ines del Rioren aldeko epaia berrestea eta 197/2006 doktrina "behin betiko bertan behera" uztea espero dute taldeok. Hala ere, erabakia edozein izanda ere, kalera ateratzeko deia egin dute eragileek.
Hala, elkarretaratzeak 11:00etatik 13:00etara egingo dituzte ondorengo lekuetan: Bilboko Moya plazan, Donostiako Boulevardean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruñeko Arrano Kultur Elkartean. Hain justu, ebazpenaren lehen balorazio bat egingo dute eragileek Bilboko kontzentrazioan, 12:00etan.
Arratsalderako, manifestazioak daude antolatuta aipatu hiriburuetan eta presoak dituzten herri guztietan. Bilboko martxa 19:00etan abiatuko da Moyua plazatik; ordu horretantxe hasiko dira Donostiako eta Gasteizko manifestazioak ere (Boulevardetik eta Bilbo plazatik, hurrenez hurren). Iruñekoa Alderdi Popularrak Nafarroako hiriburuan duen egoitzaren aurrean deitu dute, 20:00etan.