Politika -

Biktimak

Urkulluk 'zoru etikoa' aldarrikatu du elkarbizitzan akordioa lortzeko

Laugarren urtez jarraian, alderdi politikoek zatituta egin dituzte indarkeriaren biktimak omentzeko ekitaldiak.

Urkullu biktimen oroitarriaren aldamenean, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Urkullu biktimen oroitarriaren aldamenean, Gasteizen.
PPk eta UPyDk ez dute parte hartu Memoriaren Egunean

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Memoriaren Eguna da gaur EAEn, indarkeriaren biktimak gogoratzeko eta omentzeko eguna. Ekitaldi bat baino gehiago antolatu dituzte gaurko egunerako, baina laugarren urtez jarraian, alderdi politikoak eta erakundeak norbere aldetik egiten ari dira omenaldiak.

Azaroaren 10a aukeratu zuen 2010ean Legebiltzarreko bozeramaile batzordeak, gaurko eguna, atentaturik izan ez den egun bakarra delako.

Lehendakaria, Leioan

Hori horrela, Iñigo Urkullu lehendakariak zoru etikoa aldarrikatu du "memorian eta elkarbizitzan akordioa lortzeko" oinarri gisa. Era berean, Eusko Jaurlaritzak "memoriaren politika publikoa eguneroko bizitzara eta hezkuntzara" zabaldu nahi duela jakinarazi du.

Leioan egindako ekitaldian, lehendakariak Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitzarako arduraduna izan ditu aldamenean.

Urkulluk hitzaldi laburra eman du eta "terrorismoaren biktima guztiak, ETAren biktima guztiak, eta arrazoi edo justifikazio politikoagatik azken hamarkadotan gure herrian izan diren giza-eskubide urraketa guztien biktimak" izan ditu gogoan.

Lehendakariak azpimarratu du orain arte lotutako mikro akordio garrantzitsuena "zoru etikoa deituriko oinarrizko printzipioa" da, eta "ia legebiltzarkide guztien oniritziarekin" onartu zela gogoratu du.

Eusko Legebiltzarrean

Eusko Legebiltzarrarena izan da eguneko lehen hitzordua. Lore-eskaintza xume batekin omendu dituzte biktimak, EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko ordezkaritza bertan zela. PPk eta UPyDk, aurrez iragarri bezala, ez dute parte hartu ekitaldian, indarkeria mota guztien biktimak hartzen zirelako aintzat eta ez, espresuki, "terrorismoaren biktimak".

Gasteizko ganberaren atarian dagoen biktimen oroigarriaren parean egin dute lore-eskaintza. Barkartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak irakurri du agiria, aurreko legealdian onartu eta oraingoan Legebiltzarrak berretsi duen ebazpen bat, hain zuzen.

Adierazpen horretan "biktima guztiak" izan ditu gogoan, denek merezi dutelako "egia, justizia eta konponketa", Tejeriak adierazi duenez. Hala, "bakeak eta elkarbizitzak indarkeriaren injustizia, egindako kaltearen aitortza eta biktima guztien duintasuna" behar dituztela azpimarratu du. "Denek merezi dute egia, justizia eta konponketa. Hala berretsi nahi dugu gaurko Memoriaren Egunean", gaineratu du.

Hiru minutuko isilunea egin dute eta "Agur jaunak" entzun eta gero, amaitu egin da ekitaldia.

Lehendakariaz gain, Eusko Jaurlaritzak Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitzarako Idazkaritzako arduraduna eta Julia Hernandez Arartekoaren ondokoa ere bidali ditu. EH Bilduren aldetik, Laura Mintegi bozeramailea eta Juanjo Agirrezabala Legebiltzarreko Mahaiko presidenteordea bertaratu dira. PSE-EEko kide batzuk PSOEren konferentzia politikoan parte hartzen ari badira ere, Blanca ROncal Mahaiko kidea bertan izan da.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak

Lohitzune Txarola (Bildu) Gipuzkoako Batzar Nagusien presidenteak Donostian antolatu duten biktimen omenezko ekitaldian PPk parte hartu ez izana salatu du. Batzar Nagusien egoitzaren parean dagoen biktimen oroimenezko monumentuaren aurrean egindako ekitaldian izan dira PP ez beste alderdi guztiak: Bildu, Aralar, EAJ eta PSE-EE.

Lore-eskaintza egin diete biktimei, bi musikariren doinuez lagunduta, eta minutuko isilunea eginda amaitu da ekitaldia.

Gero, Txarolak azaldu du PPk "atzo azken orduan" adierazi ziola ez zela ekitaldian izango, nahiz eta alderdiek testurik ez irakurtzea erabaki "guztiok eroso egon gintezen".

Hori dela eta, "ausardia" eskatu die PPko kideei "eman behar ditugun pausoak emateko".

Bilboko Udala

Bizkaian, alderdi politiko guztiek parte hartu dute, Aldundiko eta epaitegietako ordezkariekin batera, Bilboko Udalak biktimen omenez antolatu duen ekitaldian.

Ekitaldia Casilda Iturrizar parkean izan da, biktimen monolitoaren parean.

Txistularien doinuek lagunduta, Iñaki Azkuna alkatea eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia izan dira lore-eskaintza egiten lehenak. Ondoren joan dira Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta alderdi politikoetako ordezkariak.

Ekitaldian ez da adierazpen ofizialik egin eta txalo zaparrada batekin amaitu da.

PP, Gasteizen

UPyDk, aldiz, ez du inon parte hartuko. UPyDk eta PPk argudio berdina erabili dute: antolatu diren omenaldiak orokorregiak dira, ez zaielako ETAren biktimei aipamen zehatzik egiten. PP Araban, Foru Aldundiak eta Udalak antolatutako ekitaldian, izan da.

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak ekitaldi horretan azpimarratu du Memoriaren Egunean terrorismoaren biktimak omendu behar direla, "kriminalen aldeko txaloak isilarazteko".

PSOEren konferentzia politikoa

PSOEren konferentzia politikoan ere Memoriaren Egunaz oroitu dira eta minutu bateko isilunea egin dute konferentziako ondorioak aurkezteko ekitaldia hasi aurretik.

Sozialisten txalo artean, Memoriaren Eguna "justizia eta demokrazia aldarrikatzeko" eguna dela azpimarratu dute, eta ekimena Patxi Lopez lehendakariak hartu zuela, PSOE "beti egon baita biktimen ondoan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea