Politika -

Galdeketa Katalunian

'Galdeketa egitea ez da bekatu, herritarrei galdetzea ez baita txarra'

Aitor Esteban Espainiako Diputatuen Kongresuan EAJk duen bozeramaileak azaldu duenez, Kataluniak kontsulta egitea ahalbidetzeko Beheko Ganberan ekimena aurkeztuko balitz, EAJk horren alde egingo luke.

Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. Argazkia: EFE
Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. Argazkia: EFE
Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Kontsulta egitea ez da bekatu, herritarrei galdetzea ez delako inolaz kaltegarria", Aitor Esteban Espainiako Kongresuan EAJk duen bozeramailearen arabera. Horren esanetan, Katalunian galdeketa egitea ahalbidetzeko Diputatuen Kongresuan ekimen bat aurkeztuko balitz, jeltzaleek horren alde bozkatuko lukete.

Konstituzioa aldatzeko beharra nabarmendu du, "Estatuarekin aldebiko harremana izango lukeen euskal nazioak bertan tokia izan zezan". Jeltzaleak azaldu duenez, ezin dute Euskadiko eta Kataluniako nazio errealitateen aurrean entzungor egin.

TVE Espainiako telebista publikoari eskainitako elkarrizketan, Kataluniako eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana hizpide izan du. Estebanen iritziz, elkarrizketaren oinarriak finkatu behar dituzte bi aldeek: "Galdeketan zer galdetuko duten, zer izan daitekeen, eta, nire ustez, Kataluniarentzat estatutu berri baten gainean ere hitz egin dezakete". "Gai irekia da, eta beti da onuragarria hitz egitea", gaineratu du.

Oriol Junqueras ERCko buruzagiak Kataluniako ekonomia gelditzea proposatu zuen Espainiako Gobernuari presioa egiteko. Horren harira, Aitor Estebanek ez du ulertzen ERCren proposamena: "Herrialdea geldiaraztea izango litzateke hartuko nukeen azken erabakia".

Euskadiko egoera

Junquerasen arabera, Euskadiko eta Kataluniako egoerak ezberdinak dira, eta baita erritmo politikoak eta lehentasunak ere. "Egia da egungo estatutua aldatzeko lanean ari garela, baina hori Euskadiren baitan landu behar da lehendabizi. Atariko fasean gaude", azaldu du.

"Euskal nazioan sinisten dut, eta Euskadiren eta Espainiaren arteko aldebiko harremana beharrezkoa da", azaldu du. Harreman hori finkatzeko akordio batera heldu daitezkeela gaineratu du.

Estebanen esanetan, hori guztia errazagoa izango da Konstituzioaren erreforma gauzatzen bada. "Dena den, alde bakoitzaren abiapuntua ezberdina izango da. Kontuak kontu, ordea, ezin dute Kataluniako eta Euskadiko errealitate nazionalen aurrean entzungor egin", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Kataluniako azken albisteak Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Kataluniaren independentzia Kataluniako prozesua zuzenean