Politika -
Bilboko epaitegia
'Brouard auzia' itxi du justiziak
Auzia lehen aldiz artxibatu ostean, familiak kasua berriz irekitzea eskatu zuen, baina justiziak ez du Julian Sancristobal Segurtasun zuzendari ohia inputatzeko arrazoirik ikusten.
Erredakzioa
Bilboko Instrukzioko 1. zenbakiko epaitegiak Santi Brouarden hilketaren kasua artxibatu du. Justiziak ez du kasua ikertzen jarraitzeko arrazoirik ikusten, eta artxibatzea erabaki du, bigarren aldiz.
Deia egunkariak argitaratu duenaren arabera, justiziak ez du Julian Sancristobal Segurtasun zuzendari ohia inputatzeko arrazoirik ikusten. Auzia lehen aldiz artxibatu ostean, familiak kasua berriz ere irekitzea eskatu zuen.
Orain arte hiru epaiketa egin dituzte, baina, hala ere, ez da aurrerapausorik izan. Aurretik, Rafael Lopez Ocaña, hilketaren egileetako bat, bakarrik kondenatzea lortu zuten, eta ez zuten operazioaren burua nor izan zen argitzerik lortu.
Hala eta guztiz ere, kasua Auzitegi Nazionalera irits liteke. Jose Amedo polizia-komisario ohiak, Auzitegi Nazionalean aurkeztutako idazki batean oinarrituta, erakutsi du nork zuen "Santi Brouarden hilketaren erantzukizun intelektuala, atentatu horren egileek (Luis Morcillo Pinillos eta Rafael Lopez Ocaña) egindako adierazpenen arabera".
Zantzu horiek kontuan hartuta, Amedok Brouard auzia ikertzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari, "GALeko kideek egin dutelako".