Politika -

Eusko Legebiltzarra

Trebiñuk Arabarekin bat egiteko eskaera Kongresura eramango dute

Ekimena EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute. PP eta UPyD abstenitu egin dira.

Trebiñu Araba izateko proposamena, Madrilera bidean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Kongresuan Trebiñu Arabarekin bat egitea eskatzeko lege ekimena onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. PP eta UPyD abstenitu egin dira.

Lege ekimena behin betiko onartu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Bozketa eztabaida hasi aurretik egin dute. Bitxikeria moduan, Trebiñuko zinegotzi ohi batek "koldarra eta gezurtia" esan dio Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideari horrek bere hitzaldia bukatu duenean. Ondorioz, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak aretotik bota egin du zinegotzi ohia.

Hurrengo pausoa ekimena Madrilen azaltzea izango da, eta horretarako Legebiltzarreko hiru ordezkari joango dira Gorteetara: Xabier Agirre (EAJ), Belen Arrondo (EH Bildu) eta Txarli Prieto (PSE-EE).

Trebiñuk hirugarren aldiz eskatu du administratiboki Gaztela eta Leondik banatu eta Araban sartzea, baina aurrekoetan Gaztela eta Leongo Parlamentuak eskaera horren aurka egin du eta "artxibatu" egin dute. Orain, ekimena Madrilgo Kongresura iritsiko da aurrenekoz, Gaztela eta Leonek jarritako betoaren gainetik. Hala ere, Kongresuak eskaera bertan behera utz dezakeela aurreratu zuen Jesús Posada presidenteak. Horren hitzetan, PPko diputatuek (gehiengo absolutua dute) Trebiñuren eskaeraren aurka bozkatuko dute.

Ignacio Portilla Trebiñuko alkatearen iritziz, Arabarekin administratiboki bat egiteko eskaera "estatu-mailako gaia" daeta, horrenbestez, Espainiako Gobernuari gaur Eusko Legebiltzarrak onartutako eskaera betetzeko eskatu dio. Portillak ohar bat irakurri du Legebiltzarrean, osoko bilkurak Arabarekin bat egiteko eskaeraren inguruko lege-ekimena onartu ondoren.

Alkatearen iritziz, gaur hasitako bidea "zilegi eta legezkoa" da, eta Legebiltzarreko eztabaida "errespetu demokratikoaren isla" izan dela gaineratu du.

PPren eta UPyDren jarrera (abstenitu egin dira) zalantzan jarri du alkateak, baina pozik agertu da EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk bere proposamena babestu dutelako.

Bestalde, Soraya Rodriguez PSOEren Kongresuko bozeramaileak esan du Madrilgo Ganberak erantzun "irmoa" emango duela Legebiltzarraren eskaeraren "aurka".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arabako berriak