Politika -
Euskadi pregunta
Arantza Quiroga: 'Mesfidantzarako arrazoi nahikoa eman dugu'
ETAren bukaeraren harian, Euskadiko PPko buruak aitortu du gizartearengandik aitorpen handiago espero zutela. Krisiaren, abortuaren, LOMCEren eta murrizketen inguruko galderei ere erantzun die.
M.I. / E.A. | eitb.com
''Arrazoi nahikoa eman dugu herritarren jarrera erabateko mesfidantza izan dadin'', onartu du astelehen honetan Arantza Quirogak, ETB-2ko 'Euskadi pregunta' saioan.
Euskadiko PPko buruak 25 euskal herritarren galderei erantzun die eta, besteak beste, ustelkeria eta politika arloko kudeaketa kaxkarra izan dute herritarrek hizpide.
Horren harian, Quirogak esan du ulertzen duela ''haserrealdia''. ''Herritarren jarrera erabateko mesfidantza izan dadin arrazoi nahikoa eman dugu'', esan du. ''Politikariekiko distantzia handitzea eragin duten kasuak egon dira, PPtik gertu. Horrek min ematen dit'', esan du.
Quirogak esan du erantzukizuna bere gain hartu behar dutela eta hori bakarka egin beharreko lana dela. ''Ekintzekin eta jarrerekin erakutsi behar da. Koherentzia hori ikusten duzuenean bakarrik hasiko zareten gu sinesten'', gaineratu du.
Edonola ere, ''kontuak emateko'' modua ere badagoela azpimarratu du: hauteskundeak. ''Herritarrek jartzen eta kentzen gaituzte'', gaineratu du.
Egoera politika, ETAren amaiera eta presoak
Saioan Euskadin egun bizi den egoera politikoa ere izan du hizpide Quirogak, baita Euskadiko PPk bere alderdiaren barruan duen papera ere. Quirogak adierazi duenez, “Euskadin bizi garenok badakigu egoera ezberdina dela, eta ezin digu beste inork ezer kontatu, gu baikara hori bizi dugunak”. “Bakean bizi nahi dugu, eta hori da Madrilera, nire alderdira, igortzen dudan ideia”, azpimarratu du.
Egun Euskadiko PPk bizi duen egoeraren inguruan, Quirogak esan du alderdian ''aulkia'' dagoela, eta ez dagoela inor soberan. ''Begiak ixten genituenean eta ETAren bukaeran pentsatzen genuenean, gizartearen aitorpena handiagoa izango zela uste genuen. Hori ez da egoera, ordea. Herritarrengandik gertuago egon behar dugu'', egin du hausnarketa.
ETAko presoen gerturatzearen inguruan ere hitz egin du Quirogak. Zentzu horretan, ETAk armak utzi behar dituela esan du. “ETA egongo ez balitz, espetxe politika aldatu egingo litzateke”, gaineratu du. ''ETA ez da desagertu, existitzen jarraitzen du, eta oraindik egon badaude presoek jasaten jarraitzen dituzten ondorioak. ETA desagertuko balitz ez legoko urrunketarik. Erantzukizuna ETArena izaten jarraitzen du'', esan du.
Egungo politikaren inguruan, berriz, “egoerak eskatzen duen mailako erantzuna” izatea eta “arriskatzea” eskatu die politikariei. “Ezer gutxi egiten dugu politikan elkar entzuteko; trintxeretan gaude”, esan du. ''Ez dugu onartzen gure aurrean dagoenak arrazoia izan dezakeela. Pausoa bat ematea eta arriskatzea falta zaigu'', esan du.
Kataluniaren adierazpen soberanistaren inguruan, berriz, argi eta garbi hitz egin du Euskadiko PPren presidenteak. “Erabakiak eskubidera zehazten ez badira, zaila da aurrera ateratzea”, esan du. Zentzu horretan, galdeketa bat egiteko arazorik ez duela adierazi du, "legeak jasotzen baldin badu eta egin baldin baitaiteke". "Baina egun ditugun legeek ez dute hori uzten", azpimarratu du. "Gehiengoa lortuz gero eta legea moldatzen bada, ez da inongo arazorik egongo", gaineratu du. "Demokraziak horretarako aukera eskaintzen du. Jokoaren arauak gehiengoaren borondatearen arabera alda daitezke", esan du Euskadiko PPren presidenteak.
Frankismoarekin lotutako jarreren inguruan ere galdetu diote. Minduta agertu da Quiroga eta klixeak apurtzearen garrantzia azpimarratu du. "Niri ere min egiten didate denbora luzez Euskadin gorrotoa mantentzeko balio izan duten jarrerek", azpimarratu du.
Krisia eta gai sozialak
Euskadiko PPren presidenteak krisia gizartearen maila ertainak zigortzen ari dela onartu du. "Maila ertaina oso zabala da eta baliabide gehien hortik lor daitezke", esan du. Osasun arloko murrizketak ere hizpide izan ditu. Quirogak azpimarratu du arlo horren eskuduntza Eusko Jaurlaritzak duela. Etxejabetzeen inguruan hitz egin dutenean eta Jaurlaritzai men egin dio. "Errua Madrilek duela esatea erraza da, baina gai horren eskuduntza Eusko Jaurlaritzak izanik, zer ari da egiten?", galdetu du. Quirogak gaiaren inguruan neurriak har daitezkeela onartu du.
LOMCE legeaz ere galdetu diote herritarrek Arantza Quirogari. Wert ministroaren legea defendatu du."Hizkuntzaren gaia eta euskal sistemaren barruan barneratzea konponduta daude. Epeak al dira arazo bakarra?", galdetu du.
Abortuari dagokionez, gai oso mingarria dela onartu du Quirogak. "Ez da gauzak korapilatzea, ahalik eta modu hoberenean erregulatzea baizik. Azken erreforma bitartean kontsentsua egon zen, eta kontsentsu horren bidean joaten saiatu beharko genuke", adierazi du.
Euskadiko PPren presidenteak, gainera, bizitzaren aldeko pertsona moduan definitu du bere burua eta antisorgailuen aurka ez dagoela adierazi du.