Politika -

Diputatuen Kongresua

Kongresuak errefusatu egingo du kontsulten eskumena Kataluniari ematea

PPk, PSOEk, UPyDk eta UPNk Kataluniako Parlamentuaren eskariaren kontra bozkatuko dute. CiUk, ERCk, BNGk, Amaiurrek, EAJk, Geroa Baik eta Nueva Canariasek, berriz, alde. Mas ez da saioan izango.

Madrilgo Diputatuen Kongresua. Argazkia: Efe
Madrilgo Diputatuen Kongresua.
Madrilgo Diputatuen Kongresua. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Diputatuen Kongresuko gehiengo zabalak errefusatu egingo du Kataluniari kontsultak egiteko eskumena ematea. 16:00etan hasiko den eztabaidan, Kataluniako Parlamentuaren ordezkari ugari egongo da, eta, ofizialki baieztatu ez badute ere, litekeena da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak hitza hartzea.

Kontsulta egiteko eskuduntza transferitzeko eskariari "ezetza" emateaz gain, PPk eta PSOEk Generalitateari Kataluniako egoera politikoa konpontzeko eskaintzaren bat egingo diotela espero da.

Rajoyk atzo azaldu zuenez, Kataluniako Parlamentuaren eskariaz (kontsultak egiteko eskumena Kataluniari ematea) gaur egingo duten eztabaidak egoera "argitzea" eta irtenbidea elkarrizketaren bidez bilatzea espero du.

"Elkarrizketa eta Konstituzioa aldatzea" proposatuko omen du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak, hainbat iturriren arabera.

Horren aurretik, Espainiako Gobernuak Kongresuari igorri zion idatzia irakurriko dute. Bertan, Madrilgo Gobernuaren iritzia azalduko dute.

Idatzi hori irakurri ostean, Jordi Turull (CiU), Marta Rovira (ERC) eta Joan Herrera (ICV-EUiA) Kataluniako Parlamentuko ordezkariak izango dira hitza hartzen lehenak, eta kontsultaren legezkotasuna aldarrikatuko dute.

Artur Mas Generalitatearen presidentea, berriz, ez da bertan izango, eta Francesc Homs Presidentetzako kontseilaria eta Josep Maroa Pelegri Nekazaritza kontseilaria joango dira eztabaidara haren ordez.

Gainera, Kataluniako politika munduko ordezkari ugari egongo dira Kongresuan; Albert Ribera Ciutadans (C's) alderdiko bozeramailea eta Alicia Sanchez Camacho Kataluniako PPren burua, besteak beste.

Pere Navarro PSCren idazkari nagusiak, berriz, ez da joango, medikuak hala eskatuta, eta Miquel Iceta diputatua eta Maurici Lucena PSCren bozeramailea Parlamentuan joango dira haren ordez.

Kontsultaren alde agertuko diren alderdien artean, Josep Antoni Duran i Lleida CiUren bozeramaileak hartuko du hitza, eta elkarrizketarako deia egingo du, aldebakarreko independentzia aldarrikapena saihesteko.

Ondoren, Ezker Anitza ere kontsultaren alde agertuko da, eta ERC, BNG, Amaiur, EAJ, Geroa Bai eta Nueva Canarias alderdiek ere babesa agertuko diote.

UPyDk, berriz, 'Ibarretxe plana'k bere garaian jaso zuen ezetzaren pareko zerbait nahi du gaurko eztabaidan, Kataluniako nazionalistek "atzera" egin dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Kataluniako azken ordukoa Politika EAJ-PNV Bizkaia Albisteak Alderdi Sozialista Albisteak Alderdi Popularra Albisteak Geroa Bai Kataluniaren independentzia Espainia Kataluniako prozesua zuzenean