Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAJ: 'Kataluniako Parlamentuari ezetz erantzungo zaio gaur Kongresuan'
Aitor Estebanek gaineratu duenez, gaurko ezezkoaren ostean, "tenperaturak gora egingo du" galdeketaren egunera arte.
Erredakzioa
Aitor Esteban EAJko bozeramailearen ustean, gaur Kataluniako Parlamentuaren eskabidearen kontra egingo dute Gorte Nagusietan, eta "tenperaturak gora egingo du" galdeketaren egunera arte. Gainera, Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteari ohartarazi dionez, Legea "gainditu ezinezko harresi" modura agertzea ez da "elkarrizketa" sustatzea; hori ez da Auzitegi Konstituzionalak horren inguruan esaten duena.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Estebanek Kataluniako Parlamentuak onartutako ez-legezko proposamena izan du hizpide. Proposamenean, Generalitateak referendum bat deitzeko eskumena izatea eskatzen dute.
Estebanen iritzian, kataluniarrak dauden egoerara bultzatu dituzte, elkarrizketarako Gobernuak duen borondate faltagatik eta, zehaztu duenez, Legea alderdi nagusiek -PPk eta PSOEk- "egokitu" dezakete, euskal eta kataluniar asmoek bidea izan dezaten.
Jeltzaleak onartu egin du gaurko egoerak Juan Jose Ibarretxek bizitakoarekin antzekotasun handiak dituela, Euskadiren Estatutu Politiko berria errefusatu zutenean. Gaineratu duenez, Artur Mas Generalitateko presidentea eztabaidan ez egoteak ez du saihestuko proposamen kataluniarren kontra bozkatzea.
Estebanen ustean, kataluniarrak "egoera zail batera arrastaka daramatzate, babestu duten elkarrizketaren bidea itxi dietelako".
Horren ildotik, gogorarazi duenez, Kataluniako herritarrak "orokorrean, bozkatzeko, erabakitzeko, eskubide horren alde mugitzen dira eta euren erakundeak aurretik sinatutako akordioek mugatuta daude, eta arazo handia daukate ekonomiarekin".