Politika -
Alkateen erretratuak
Bilduk salatu du Bilbok ez duela Memoria Historikoaren legea betetzen
Koalizio abertzalearen arabera, alkate frankisten erretratuak beste leku batean jarrita "ez da Memoria Historikoaren Legearen espiritua errespetatzen".
Erredakzioa
Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduk Bilboko Udalean duen bozeramaileak uste du alkate frankisten erretratuak zeuden lekutik kendu eta beste toki batean jartzeak ez duela "Memoria Historikoaren Legearen espiritua errespetatzen".
Bilboko 21 alkateren erretratuak, frankistenak eta frankistak ez zirenak, kendu egin zituzten udaletxeko korridorean zeuden lekutik eta, garbitu eta konpondu ondoren, udaletxean bertan osatuko duten museo batean jarriko dituzte denak, bestelako objektu historiko batzuekin batera.
EH Bilduk eta Iñaki Azkuna alkate zendu berriak gai honen harira izandako eztabaidaren ondoren, Udalak, EAJren eta PSE-EEren botoekin, "Udalaren memoria kontestualizaturako leku bat" jartzea erabaki zuten, bertan alkate guztien erretratuak eta beste objektu historiko batzuk jartzeko.
EH Bilduren bozeramaileak erretratuak zeuden korridorearen hasieran emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, "gustura" daude "30 urteren ostean, alkate frankisten koadroak kendu dituztelako, inoiz ez zegokien ohorezko leku batean" baitzeuden.
Azpimarratu duenez, hala ere, "onartezina" iruditzen zaio alkate batzuk eta besteak "parean" jartzea, egon korridorean egon leku berrian.
Hori dela eta, EH Bilduren bozeramaileak uste du kokaleku berriak ez duela "Memoria Historikoaren Legea errespetatzen".
Gainera, Eusko Jaurlaritzak irudi frankistak kentzearen inguruan egindako txostenean argi agertzen omen da Bilboko Udalak "behin eta berriz urratzen" duela araua.