Politika -

Desagertzeko arriskuan

EAJk, PPk eta PSEk kreditu bat nahi dute Bilbao Basket salbatzeko

Kutxabankek 500.000 euroko kreditua jarrita salbatu nahi dute kluba alderdiek. Dirua jokalarien soldatak ordaintzeko eta denboraldia amaitzeko erabiliko lukete.

Bilbao Basketeko jokalariak eta prestatzaileak. Artxiboko irudia: EFE
Bilbao Basketeko jokalariak eta prestatzaileak. Artxiboko irudia: EFE
Bilbao Basketeko jokalariak eta prestatzaileak. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbao Basket Kutxabanken kreditu baten bidez salbatu nahi dute Bizkaiko EAJk, PSEk eta PPk, EFE albiste-agentziak jakitera eman duenez. Kluba desagertzeko arriskuan dago, eta 500.000 euroko kreditua beharko luke aurrera jarraitzeko. Dirua jokalariei zor zaiena ordaintzeko eta denboraldia bukatzeko erabiliko lukete.

Gorka Arrinda ordezkatuko duen taldeak jokalariei zor-agiriak eman zizkien martxoaren amaieran, greba mugagabea bertan behera utz zezaten. Zor-agiriak asteazkenean kobratu behar zituzten. Talde kudeatzaile berriak Arrinda maiatzaren 5ean ordezkatuko du, ezohiko batzar nagusi batean.

Aste hasieran, ostiralera arte kobratzerik izango ez zutela ohartarazi zien taldeak jokalariei. Iragan denboralditik zorra pilatzen ari dira, eta "adostutakoa berriro betetzen ez bada, bakoitzak erabaki pertsonala" hartuko duela ohartarazi dute jokalariek.

Bilera

EAJk, PPk eta PSEk bilera egin zuten atzo, jeltzaleek deituta. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak kredituari abala emateko proposamena baztertu zuten popularrek eta sozialistek, baina Kutxabankek klubari mailegua ematearen alde agertu ziren.

Alderdi horietako iturriek azaldu dutenez, EAJk aurrea hartu behar duela uste dute PPk eta PSEk, Bizkaiko erakundeak eta Kutxabank kudeatzen dituen alderdia delako.

PSE

Alfonso Gil Bilboko PSEren bozeramailearen hitzetan, PSEko kontseilariek Kutxabanken kreditua babestuko dute, EAJk irtenbide horren aldeko apustua egiten baldin badu, baina abala ez dutela Bilboko eta Bizkaiko erakundeek eman behar erantsi du.

Kreditua klubeko kudeatzaileek ohiko bideak erabilita eskatu behar dutela uste dute sozialistek. Horretarako, Bilbao Basket kudeatuko duen taldeak egitasmo ekonomiko bideragarria aurkeztea eskatu du PSEk.

Bilbao Basketen 10.000 jarraitzaileak "nahikoa abal" dira kredituari babesa emateko, jarraitzaile kopuru hori "ACBko talde gutxik dutelako", PSEko bozeramailearen hitzetan.

PP

Alderdi Popularraren jarrera antzekoa da. Kreditua emateko, Kutxabanken "inplikazioa" eskatu du Cristina Ruiz PPko bozeramaileak, eta EAJri laguntza eskatu dio saskibaloi taldearentzat babesle pribatu bat lortzeko.

Diru publikoa kirol profesionalean erabiltzea baztertu du PPk, baina Bilbao Basket Bilbon "lehen mailako" saskibaloia izaten jarraitzeko "ezinbestekoa" dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia