Politika -
Adierazpen instituzionala
Bilduk, EAJk, PSEk eta PPk bat egin dute, Donostia 2016 babesteko
Udal talde guztiek adierazpen instituzionala adostu dute, proiektuarekin konpromisoa agertzeko.
Erredakzioa
Bilduren Udal Gobernuak eta gainerako talde politikoek (EAJ, PSE-EE eta PP) adierazpen bat onartu dute gaur udalbatzan, aho batez, 2016. urtean Donostian Europaren Kultura hiriburua izateko proiektuarekin (DSS2016) konpromisoa agertzeko.
Juan Karlos Izagirre alkateak, Naiara Sampedro eta Iosu Ruiz zinegotziek eta Eneko Goia, Ernesto Gasco eta Ramon Gomez EAJko, PSE-EEko eta PPko bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute gaur DSS2016 espazioan, eta, horrela, mezu "argia" ematen saiatu dira: "Donostia 2016 arrakastatsua izan behar da eta horretarako denok bat egin behar dugu".
Adierazpenean, udal taldeek proiektuarekin aurrera egiteko "apustua eta konpromisoa" agertu dute, betiere "adostasun politikoa eta herritarren parte-hartzea oinarri hartuta".
Halaber, "egungo zailtasunak gainditzeko talde politiko guztien parte-hartzea" behar dela nabarmendu dute, proiektua "arrakastatsua" izan dadin.
Azkenik, adierazpen bateratuak "akordioa oinarri" lan egiteko deia egiten die Donostia 2016 Fundazioa osatzen duten erakunde guztiei (Udala, Aldundia, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza), proiektuak "beharrezkoak diren baliabideak" izan ditzan.
Jose Maria Lassalle Espainiako Gobernuaren Kulturako Estatu idazkariak egindako adierazpenen aurrean (proiektuak porrot egingo duen beldur agertu da), Izagirrek "batasun irudia" eman nahi izan du. Gainera, DSS2016 proiektuan ez dagoela inor "soberan" aldarrikatu du, "denon artean" gauzatu behar baitute.
Bestalde, Gascok DSS2016 proiektua "sorburura" itzuli behar dela aldarrikatu du, eta "denak" eskuzabal izan behar direla gaineratu du. "Batez ere Bildu, agintean dagoelako", azpimarratu du. Horren esanetan, "indarrak batzeko" unea heldu da, proiektuak aurrera egin dezan.
Ramon Gomezek ere batasuna alkdarrikatu du, Udalaren kudeaketak "porrot" egin duela uste badu ere. PPko bozeramailearen esanetan, "norabidea zehaztu" egin behar dute, "erabakiak azkar adostuz", Europa "lasaiago" egon dadin.