Politika -

Justizia Auzitegi Nagusia

Ibarrak dio 'oso baliabide gutxi' dituztela ustelkeriari aurre egiteko

EAEJANko presidentearen arabera, beharrezkoa da "egun duguna baino polizia judizial espezializatuagoa, eta profil ekonomikoko beste profesional batzuen laguntza".

Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea. Argazkia: EiTB
Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea.
Ibarra: 'Ustelkeriari aurre egiteko baliabide gutxi ditugu'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak aitortu du epaileek "oso baliabide gutxi" dituztela "ustelkeriaren kontra borroka egiteko"; izan ere, justizia administrazioa "batik bat bizitzaren edo jabetzaren kontrako delituei aurre egiteko" prestatu omen dute.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, beharrezkoa da "egun duguna baino polizia judizial espezializatuagoa, eta profil ekonomikoko beste profesional batzuen laguntza".

"Gure justizia administrazioa, batik bat, bizitzaren eta jabetzaren kontrako delituetarako prestatu dute. Interneten eta ustelkeria politiko eta ekonomikoan sartzen bagara, gure baliabideak erabat urriak dira", gaineratu du.

Estatu federala

Bestalde, epaileak azpimarratu du egungo Estatuaren eredu autonomikoa ez dagoela aldebikotasunean oinarrituta, eta "materialki federala" den eredu bat badago ere, "konfederal" izaera gehitu behar zaiola iruditzen zaio, EAEren eta Estatuaren artean aldebiko harremana nahi bada behintzat.

Bestalde, Auzitegi Konstituzionalak erabakitzeko eskubidearen inguruan eman zuen ebazpena "sendoa" dela iritzi dio, "subiranotasunaren subjektua" zein den zehazten duelako eta "herritarren adierazpen politikorako gaitasunari xehetasun ugari" sartzen dizkiolako. Gainera, argi adierazi du Konstituzionalak ez duela erabakitzeko eskubidea "Euskal Herrian erabiltzen den moduan" onartzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ustezko ustelkeria politikoa Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz EAEko Justizia Auzitegi Nagusia