Politika -

Erregearen abdikazioa

Erregea: 'Abdikatzea erabaki dut, aro berri bati hasiera emateko'

"Belaunaldi gazteago batek lehen lerroa hartzeko unea iritsi da, energia berritzailearekin aldaketak irmotasunez gauzatzeko eta egungo testuinguruak eskatzen dituen erreformak egiteko", esan du.

Juan Carlos I.a Espainiako erregea. EFE
Juan Carlos I.a Espainiako erregeak Koroari uko egingo dio.
'Itxaropen aro berri bati ateak irekitzeko' abdikatu du erregeak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos I.a erregeak Koroari uko egitea erabaki du, Felipe printzearen mesedetan eta "aro berri bati hasiera emateko asmoz".

"Belaunaldi gazteago batek lehen lerroa hartzeko unea iritsi da, aldaketak irmotasunez gauzatzeko eta egungo testuinguruak eskatzen dituen erreformak egiteko", azpimarratu du.

"Belaunaldi berri horrek protagonismoa eskatzen du eta belaunaldi berri horri dagokio etorkizuneko erronkei aurre egitea", erantsi du.

Erregeak agerraldia egin du Zarzuela Jauregian bere abdikazioaren arrazoiak azaltzeko. Adierazpen instituzionala telebista bidez emititu dute 13:00etan.

"Joan den urtarrilean 76 urte bete nituenean ohartu nintzen nire ondorengotza prestatzen hasi behar nintzela, oreka bermatzeko baldintza guztiak dituen pertsonari lekukoa emateko", azaldu du.

Ildo horretan, Asturiasko printzea Errege izateko prest dagoela azpimarratu du: "Estatuko buruzagitza bere gain hartzeko eta itxaropen aro berri bat irekitzeko ezinbestekoak diren heldutasuna, prestakuntza eta arduraz jokatzeko zentzua biltzen ditu".

Horrez gain, Letizia printzesaren "babesa beti" izango duela ziur agertu da.

Juan Carlos I.ak esan du "espainiar guztien Errege" izaten ahalegindu dela, Espainiako monarkia zuzentzea egokitu zitzaion lehen egunetik.

"Atzera begiratzen dudan bakoitzean, harrotasuna eta esker ona baino ez ditut sentitzen espainiarrengatik", adierazi du.

Errege izan den lau hamarkadetan Sofia erreginarengandik jasotako babesa ere eskertu nahi izan du.

"Espainia bihotzean daukat eta beti izango dut", esanez amaitu du adierazpen instituzionala.

Abdikazio prozesua, abian

Mariano Rajoyk eman du Juan Carlos I.aren abdikazioaren berri gaur goizean (10:30) Moncloa Jauregian egindako ezohiko agerraldian.

Arestian esan bezala, erregeak urtarrilean hartu zuen bere kargua uzteko erabakia eta ordutik bere ondorengotza prozesuari prestatzeari ekin dio.

Mariano Rajoyk eta Alfredo Perez Rubalcabak martxoan ezagutu zuten Juan Carlos I.enak abdikatzea erabaki zuela.

Erregeak bere erabakia publiko eginda, abian da Juan Carlos I.enak kargua uzteko eta Felipe printzeak haren tokia hartzeko prozesua.

Lehendabiziko urratsa astearte honetan emango du Espainiako Gobernuak. Rajoyk ezohiko ministro-bilera deitu du erregearen abdikazio prozesua abiatzea ahalbidetuko duen Lege Organikoa onartzeko, Konstituzioaren  57.5 artikuluak zehazten duen moduan.

erregea rajoy abdikazioa rey abdicación EFE

(Juan Carlos I.a erregeak abdikazioaren agiria eman dio Mariano Rajoyri. EFE)

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Juan Carlos I.a albisteak