Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Gabirondo: 'Segurtasun indarrek Ertzaintzaren lana oztopatzen dute'

ETAk ekintza armatua laga eta gero, Euskadin “gauzak beste era batera egiteko” Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren borondate falta deitoratu du Ertzaintzaren zuzendariak.

Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria. Artxiboko irudia: EiTB
Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria. Artxiboko irudia: EiTB
Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko segurtasun indarrek Ertzaintzaren lanari jartzen dizkioten “oztopoak” deitoratu ditu gaur Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak. ETAk ekintza armatua laga eta gero, Euskadin “gauzak beste era batera egiteko” Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren borondate falta deitoratu du Ertzaintzaren zuzendariak.

Gabirondo Euskadi Irratian elkarrizketatu dute. Estatuko segurtasun indarren eta Ertzaintzaren arteko harremana “bideratzea zergatik ez den posible” galdetu dio Gabirondok bere buruari. Nafarroako Foruzaingoarekin eta udaltzaingoekin harremanak bideratu dituztela goraipatu du Ertzaintzako zuzendariak. “Ertzaintzaren lana zergatik oztopatzen duten jakitea zaila da”, ziurtatu du.

Zentzu horretan, “nik esan dezakedan edozein gauzaren aurrean, beste aldekoek horrela ez dela argudiatuko dute”, baina “azken finean, arazo politiko bat da”.

"Oztopoak"

“Duela 32 urte hasi ginen. Porrot egin behar genuela pentsatzen zuten, baina ez da gertatu, eta oztopoak jartzen dizkigute”, kritikatu du. Horrela, segurtasun indarrek Ertzaintzari “egunero oztopoak” jartzen dizkiotela baieztatu du, “zalantzarik gabe”.

Gabirondoren hitzetan, Ertzaintzak eskumenak dituen arloetan Estatuko segurtasun indarrak “soberan daude”. Gainera, guardia zibilak Euskadin egiten ari diren terrorismoaren aurkako kontrolak “zentzurik eta justifikaziorik ez” dutela uste du Ertzaintzaren zuzendariak.

Cabacas auzia

Bestalde, Ertzaintzak Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan justiziak erabakitzen duena onartuko duela ziurtatu du Gervasio Gabirondok. Gaiak “zailtasun handiak” dituela erantsi du.

Azkenik, “Ertzaintza gazteago bat izateko” nahiari “mesede gutxi egingo diogu 45-50 urteko ertzain berriak sartzen badira”, esan du Gabirondok. 35 urtez gorako pertsonei Ertzaintzaren probetan parte hartzen ez uzteko erabakiak polemika sortu du, eta Gabirondok azalpenak eman ditu. Azterketak uztailaren 5ean egin behar dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak