Politika -
Udal eta Foru hauteskundeak
EAJ: 'Datozen hauteskundeek luzerako marraztuko dute mapa politikoa'
Andoni Ortuzar EBBren presidentearen iritzian, Arabak aldaketa politikoa behar du eta PPri egotzi dio lurraldeko egoera ekonomiko eskasa.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren presidentearen arabera, "Arabak aldaketa politikoa behar du" eta hurrengo udal eta foru hauteskundeak "inoiz baino erabakigarriagoak izango dira, Euskadiko mapa politikoa luzerako marraztuko dutelako".
Ortuzarrek Done Bikendi Arana herri arabarrean afiliatuekin eta Errioxako, eta Arabako Lautadako eta Mendiko kargudunekin egindako topaketa batean parte hartu du, Xabier Agirre ABBren presidentearekin eta Ramiro Gonzalez Arabako Batzar Nagusietako EAJren bozeramalearekin batera.
EBBren presidentearen arabera, "Arabako egoera ekonomikoa kezkagarria da" eta Arabako, Euskadiko eta, bereziki, Madrileko PPri" egotzi dio egoera txarra.
Ortuzarren esanetan, PP eta Bildu ez dira Arabak behar duen alternatiba egokia izango, ezingo diotelako eman lurraldeak behar duena, biak muturreko ordezkariak direlako, eta arabarren sena ordezkatzen ez dutelako.
Halaber, Cristobal Montorok egindako hitzak ere aipatu ditu Ortuzarrek. Arabak opor fiskalen kontura ezarritako isunaren % 65 ordaintzea proposatu zuen Ogasun ministroak; Ortuzarren iritzian, horrek erakusten du Arabako PP "Genovan interesak dituen alderdi baten azpikontrata" dela.