Politika -
ETA
Indarkeria uzteko erabakia 'irmoa' dela uste du Fiskaltzak
Hala ere, ETA berehala desegingo ez dela adierazi du Estatuko Fiskaltza Nagusiak. ETAk "beste eragile politiko bat bezala iraunarazi" nahi duela erantsi du Fiskaltzak.
Erredakzioa
ETAk indarkeria utzi zuela hiru urte beteko dira irailaren 20an. Hori dela eta, indarkeria uzteko erabakia "irmoa" dela uste du Fiskaltzak. Armak berriz erabiliko dituenik ez du ematen, ezta berehala desegingo denik ere, Fiskaltzaren arabera.
Estatuko Fiskaltza Nagusiak urteko txostena jakitera eman du gaur. Terrorismoari dagokionez, segurtasun indarren txostenak oinarritzat hartuta, ETAren erabakia "atzeraezina" dela esan du Fiskaltzak. Erakunde armatuak "beste eragile politiko bat bezala iraunarazi" nahi duela erantsi du.
Fiskaltzaren hitzetan, ETA "urduri" dago Espainiako eta Frantziako Gobernuek erantzunik eman ez dutelako, nahiz eta agiri ezberdinetan "gatazkaren ondorioak" jorratzeko eskatu.
Horregatik, agertoki berrian ETAk mehatxurako gaitasuna "erabat eraginkor" mantendu nahi du. Horrela, "Frantzian dituen egitura klandestinoak Europako beste herrialde batzuetara eraman ditu".
Presoak eta armagabetzea
Fiskaltzaren esanetan, Parot doktrina bertan behera geratu eta gero, espetxeetan presoen egoera hobetzen saiatuko da ETA, "bistakoa" da. Presoak Euskadiko kartzeletara hurbiltzen saiatuko da, baina preso guztien askatasuna lortzeko helburuarekin, Fiskaltzak gaineratu duenez.
Desarmeari dagokionez, fiskalak nazioarteko egiaztatzaileen aurka egin du txostenean. Horrela, otsaileko irudia "publizitate amarrua" izan zela kritikatu du Fiskaltzak. "Pasarte negargarria" izan zela esan du, eta egiaztatzaileen "eraginkortasunik eta baliorik eza" agerian geratu zela gaineratu du fiskalak.