Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ibarra: 'Eskoziako erreferendumaren modukoak ez dira posible Euskadin'

EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak gogorarazi duenez, erreferendumak deitzeko eskumena "Estatuari bakarrik dagokio".

Juan Luis Ibarra, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketaren une batean. Argazkia: EiTB
Juan Luis Ibarra
Juan Luis Ibarra, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketaren une batean. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen hitzetan, Euskadin ezin da Eskoziako erreferendumaren tankerakorik egin, eta, Kataluniako kontsultaren kasuan, arazoa "larriagoa" dela nabarmendu du, han ez dagoelako hauteskunde eta justizia administraziorik.

Eskoziako erreferendumaren eredua ahotan hartu du, horrenbestez, Ibarrak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Gogorarazi duenez, 2008an Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen Kongresuak eta Espainiako presidenteak ezin dizkiotela erreferenduma egiteko eskumenak Eusko Legebiltzarrari eman.

"Ez da nik diodan zerbait; Auzitegi Konstituzionalak bere garaian esan zuen. Ez da posible. Eskozian erreferenduma deitu dute. Halakoetan hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea dutenei euren iritzia emateko deia egiten zaie, parte hartze politikoaren eskubideari jarraiki", erantsi du.

Horren ildoan, Estatuko legedia zein den gogorarazi du: "Espainian erreferendumak deitzeko eskumena Estatuari bakarrik dagokio, eta Estatuak baimendu beharrekoak dira. Beraz, Eskozian egin dutenaren tankerakorik Euskadin ezin da egin, ezta Ibarretxek 2008an proposatu zuen modukorik ere", agertu du.

Kataluniako kontsulta

Kataluniako afera ere hizpide hartu du Ibarrak. "Han arazoa handiagoa da, Hauteskunde eta Justizia administrazioek eta Botere Judizialak bermatu behar dituzte erreferendumak", eta Katalunian halakorik ez dagoela azpimarratu du.

"Kataluniako Kontsulta Legeari erreparatzen badiogu, han ez da Hauteskunde Administraziorik. Hau da, ez da hautesle-errolda erabiliko, ezta hauteskunde batzorderik ere. Beraz, kontrako helegiterik aurkeztekotan, ez litzateke bermerik egongo", azaldu du.

Hala, betiere Ibarraren hitzetan, Katalunian "arazoa larriagoa da, Konstituzioaren 23. artikuluari erreparatuta, eta Ibarretxek egin zuen deialdiarekin alderatuta".

"Beste kontu bat izango litzateke Espainiako Gobernuak lurraldearen zati batean erreferenduma deituko balu; kasu horretan kontsulta egitea posible izango litzateke. Baina, deitu duten modura behintzat, zail ikusten dut", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eskozia berriak Bigarrena Eskoziako erreferenduma Albisteak Gaur Eguneko albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak