Politika -
Eusko Legebiltzarra
Ekonomia eta autogobernua, politika orokorreko eztabaidaren erdigunean
Eskoziako independentzia erreferenduma egin eta Kataluniako kontsulten legea onartu zutenetik astebete igaro da. Bi gertakariek lekua izango dute Gasteizko Ganberaren eztabaidan.
Erredakzioa
Egoera ekonomikoak eta autogobernuaren eztabaidak Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan protagonistak izango dira berriro ere. "Autogobernua eguneratzeko eta status berri bat lortzeko akordioa eta ituna" beharrezkoak direla planteatuko du Iñigo Urkullu lehendakariak. Jarraitu eztabaida, zuzenean, eitb.eus atarian.
Ekonomian, "aurreikuspenak" hobetu direla goraipatuko du lehendakariak, baina "zalantzek" jarraitzen dutela ohartaraziko du.
Bestalde, Eskoziako independentzia erreferenduma egin eta Kataluniako kontsulten legea onartu zutenetik astebete igaro da. Bi gertakariek lekua izango dute Gasteizko Ganberaren eztabaidan.
Gainera, Exekutibo zentralaren estrategia "zentralizatzailea" salatu zuen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragan asteartean.
Ekonomia, autogobernua eta bakea
Lehendakaritzak aurreratu duenez, "autogobernua eguneratzea" eta "status berri bat" lortzea beharrezkoa dela defendatuko du Urkulluk. Horretarako, "akordioa, adostasuna eta ituna" beharrezkoak direla erantsiko du.
Eskozian egindako erreferenduma hizpide izango du lehendakariak. "Mendebaldeko demokrazian, une honetan, helburu legitimo guztiek, xede nazional guztiek, bide demokratikoen bidez planteatzea posible dela demostratu dute", azalduko du buruzagiak.
Bake eta elkarbizitzari dagokionez, "terrorismo, giza eskubideen urraketak, banaketa eta amorru hamarkaden" ostean "pronostikoa positiboa" da elkarbizitzaren markoan, azalduko du.
Ekonomiari hitzaldiaren tarte handiena eskainiko dio Urkulluk. Zentzu horretan, "Europako eta Euskadiko ekonomiek aurreikuspen hobeagoak" dituztela azpimarratu du. Krisiaren urterik okerrenetan baino aurreikuspen hobeagoak dira, baina "zalantzek" jarraitzen dutela onartuko du.
Oposizioa
Bestalde, "Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea gauzatzea lortu nahi dutenekin bidea egiten hasteko" konpromisoa azalduko du Hasier Arraizek (EH Bildu).
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, politikariek "kontsultetaz, presoetaz eta itunetaz" hitz egitea ez dute espero herritarrek, "langabezia, pobrezia eta eskubideen galerari" buruz eztabaidatzea baizik.
Erkidegoen "inboluziorik" ez dagoela "datuekin" demostratzen saiatuko da Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidentea.
Azkenik, Euskadirentzat proposatzen duena argitzeko eskatuko dio Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Urkulluri. "Legalitatea kontsulta lege batekin urratuko" ote duen azaltzeko eskatuko dio.