Politika -

Polemika

1976ko martxoaren 3koa poliziaren gehiegikeriatzat jo du Oyarzabalek

"Marxoak 3" elkarteak, PPko kideak egindako adierazpenen ostean, «estatu-krimen» hura berriz justifikatzeko saiakera izan dela salatu du, hain justu Argentinan epaiketa egiten ari diren honetan

.
.
Oyarzabal: 'Jendetzaz inguratuta ikusi zutenean egin zuten tiro'

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Oyarzabal PPko Justizia, Eskubideak eta Askatasun idazkariaren esanetan, Maria Servini epaileak “epaiketa sumarisimo” bihurtu nahi ditu 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakariak. Egun horretan, Poliziak bost langile hil zituen eta, Oyarzabalen ustean, «poliziaren gehiegikeria» baten ondorio izan zen, armak erabili zituztelako «jendetzak inguratu zituenean».

Jot Donwn aldizkariak egindako elkarrizketa batean, Oyarzabali aipatutako egun horretan gertatutakoaren inguruan galdetu diote.

Elkarrizketan, PPko kideak barregarritzat jo du Maria Servinik Rodolfo Martin Villa eta Jose Utrera Molina ministro ohiak, beste 18 lagunez gain, atxilotzeko emandako agindua.

Twitter sare sozialean plazaratutako zenbait mezuren bidez, Oyarzabalek Arabako hiriburuan gertatutakoa gaitzetsi du, eta bere adierazpenak argitu nahi izan ditu, «1976ko martxoaren 3ko gertakari tristeen inguruan» esandakoa «modu partzialean eta okerrean» ulertu ez dadin.

Zigorgabetasuna ez elikatzeko deia

Bestalde, Marxoak 3ko Biktimen Elkarteak egun horretan gertatutakoari lotutako zigorgabetasun gehiago ez elikatzeko eskatu du.

Oyarzabalek elkarrizketan adierazitakoa ezagutu ostean, Elkarteak «estatu-krimen» hura berriro justifikatzeko saiakera izan dela salatu du, hain justu Argentinan epaiketa egiten ari direnean.

Adierazpen «nazkagarriak»

Nazkagarriak dira, EH Bilduren iritziz, Iñaki Oyarzabal PPko legebiltzarkideak 1976ko martxoaren 3ko gertakariez egindako adierazpenak. Julen Arzuagak salatu duenez, espainiar poliziak inguraturik zeudela eta horrek, nolabait, tiro egitera behartu zituela dio Oyarzabalek; azken batean, giza ehiza izan zena bidezko defentsa gisa aurkeztu nahi du Gasteizko bost langileen hilketak justifikatzeko.

Oyarzabalen hitzak gasteiztar guztientzat eta, bereziki, Martxoaren 3ko biktimentzat iraingarriak direla azpimarratu du, eta esandakoa berehala zuzentzeko eskatu dio Arzuagak PPko legebiltzarkideari, «horrelakoak esaten dituena ezgaitua baitago gasteiztarren ordezkaritza gauzatzeko ez Legebiltzarrean ez inon».

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Eguneko albisteak Albisteak