Politika -
Kontu Auzitegiaren txostena
Fiskalak delitu zantzuak topatu ditu PP, PSOE, EAJ eta EAren kontuetan
Kontu Auzitegiko fiskalburuak "delitu penal larriak" egotzi dizkie PPri, PSOEri, CDCri, Uniori, EAJri eta EAri, baina txotena "atarikoa" dela eta oraindik ez duela erabakirik hartu argitu du.
Erredakzioa
Olayo Gonzalez Soler Espainiako Kontu Auzitegiko fiskalburuak delitu larriak atzeman ditu alderdi handien kontuetan. PP, PSOE, CDC, Unio, EAJ eta EA aipatu ditu, zehazki.
El Pais egunkariak jakinarazi duenez, fiskalak "delitu penal larriak" egotzi dizkie alderdioi, hala nola "zorrak legez kanpo barkatzea, kontuetan diru-sarrerak eta gastuak ez jasotzea, fundazio ezezagunei mailegu arraroak ematea eta legez kanpoko dohaintzak jasotzea". Ikerketa 2012 urteko kontuekin egin dute.
Prisa taldeko kazetaren esanetan, atariko txostena "oso gogorra" da. "Fiskaltzatik ez dute gogoratzen txosten gogorragorik", gaineratu du.
CDC, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentearen alderdia, txostenean gehien aipatuetako bat da. Besteak beste, Uniori 9,5 milioi euroko zor bat barkatu ziola zehaztu du fiskalak.
Era berean, PPk ez zituen 1,3 milioi euro deklaratu Ogasunean, eta PSOEk mailegu faltsuak eman zizkien bere fundazioei, betiere txostenaren arabera.
EAJren kasuan, lursail batekin egindako operazio batean lortutako ia 5 milioi euro ez zituela deklaratu ohartarazi du Fiskaltzak. Gainera, "merkataritza-sozietate sare" bat duela eta horrekin "legez kanpoko finantziazioa" jaso duela ondoriozta daitekeela aipatu du.
Bestalde, Eusko Alkartasunaren kontuetan ez zituztela diru-sarrera eta gastu guztiak jaso azaldu du fiskalak. Horrenbestez, Gonzalez Solerren hitzetan, baliteke delitu egin izana.
Atariko txosten bat da
Kontu Auzitegiko Fiskaltzak argitu du delitu zantzuak agertzen dituen txostena "atarikoa" dela, ez dela behin betikoa, eta oraindik informazio gehiago lortu behar duela erabakia hartu aurretik.
Fiskaltzak prentsa-ohar bat zabaldu du oraindik txostenaren inguruko "behin betiko erabakia" ez duela hartu jakinarazteko.
Izan ere, Fiskaltzak azaldu duenez, txosten hori Kontu Auzitegiko zerga arduradunei helarazi diete, horien informazio osagarriarekin batera, ondorioetara iritsi eta azken erabakia hartzeko.