Politika -
Fiskaltzaren txostena dela eta
EAJk ukatu du legez kanpoko finantzazio delitua egin duenik
Gainera, alderdi jeltzaleak azpimarratu du Kontu Auzitegiak, 2014ean, alderdiak bere garaian egindako alegazioak “bere egin” zituela eta ez zuela inolako zigorrik iragarri.
Erredakzioa
Euzko Alderdi Jeltzaleak ukatu egin du legez kanpoko finantzazio delituren bat egin duenik eta azpimarratu du Kontu Auzitegiak, 2014ko ekainean, alderdiak bere garaian egindako alegazioak “bere egin” zituela eta ez zuela inolako zigorrik iragarri.
Ohar baten bidez, EAJk gaur, astelehenean, El Pais egunkariak plazaratutako informazioa izan du hizpide. Hedabideak argitaratutako artikuluaren arabera, Kontu Auzitegiko Fiskaltzak delitu zantzuak antzeman ditu EAJren, besteak beste, 2012ko kontuetan.
Horren ildotik, alderdiak nabarmendu du ez duela “legez kanpoko finantzazioarekin lotutako inolako deliturik egin, ez bestelako deliturik ere, 2012ean, ez inoiz”.
Argitu duenez, Kontu Auzitegi espainiarrak, 2012ko ikasturtearen inguruan 2014ko ekainaren 26an plazaratutako txostenean, jeltzaleek maiatzaren 5ean “aurkeztutako alegazioak bere egin zituen”. “Horren seinale da, ondoren, Kontu Auzitegiak bi alderdiri isunak jartzea proposatu zuela, eta horien artean ez dago EAJ”, gaineratu du.
Halaber, zehaztu du EAJk ez duela fiskalburuak egindako ustezko txostena ikusi eta, publikatutako informazioaren arabera, hiru orrialde eskaini die jeltzaleen kontuei. “Aipatutako informazioak dioenez, fiskalburuak hiru delitu egotzi dizkio EAJri. Hiru kontu horiek 2014ko maiatzean argitu ziren eta urte horretan plazaratutako txostenean jaso zituen”, esan du.
Jeltzaleek argitara eman dituzte Kontu Auzitegiko Fiskaltzak topatutako ustezko irregulartasunak. Antza denez, alderdiak “ez zituen kontabilitatean jaso Barakaldoko lursail batuen truke jasotako 4,9 milioi euro”; “merkataritza sozietate mordoa” izatea eta jeltzaleek aurkeztutako kontuak “errealak” ez izatea egotzi dio.
Barakaldoko lursailaren truke jasotako diruaren inguruan, EAJk azaldu du 2008an batzoki berri bat egin zutela, aurreko batzokia zegoen lekuan.