Politika -
Espainiako bandera
Mungiako alkatearen ustez, banderaren inposaketak umiltzea du helburu
Uriagerekak euskal herritarrak "ulertzen eta errespetatzen saiatzeko" deia egin dio Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariari.
Erredakzioa
Izaskun Uriagereka Mungiako (Bizkaia) alkate jeltzaleak dimisioa eman du udaletxeko balkoian Espainiako bandera jartzeari uko egin ostean, eta Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak "inposaketa" horrekin herritarrak "umildu besterik ez" duela nahi salatu du.
Urquijok eskatuta, EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako bandera Mungiako udaletxeko aurrealdean jartzeko agindu eman zion alkateari. Horren aurrean, Udalak Auzitegi Konstituzionalean helegitea sartu zuen, baina auzitegiak ez du aintzat hartu.
Gaur egindako osoko bilkuran, alkateaz gain, Miren Begoña Bilbao Kultura zinegotziak ere dimisioa eman du arrazoi beragatik, eta alkate ohiak testu bat irakurri du euskaraz, negarrez hasteko zorian, eta "abertzaleen" batasuna eskatu du ikurrina babesteko.
Uriagerekak "nire dimisioa eragin duenari" zuzentzeko bakarrik erabili du gaztelera, Espainiako Gobernuaren ordezkariari hitz egiteko alegia. Hori horrela, euskal herritarrak "ulertzen eta errespetatzen saiatzeko" deia egin dio, nahiz eta "une honetan elkar ulertzetik oso urrun" daudela aitortu.
Plenoa hasi aurretik, Unai Ziarreta EH Bilduren zinegotzi eta EAren idazkariak, "nazio mailako akordioa" eskaini dio EAJri, ikurrina izan dadin "euskal erakunde guztietan jarri beharreko bandera bakarra".