Politika -
Bidegi auzia
Gehiegi ordaindu zutela dio ikerketa batzordearen zirriborroak
Alderdi bakoitzak bere agiri propioak igorri beharko ditu astelehenean, eta asteartean batzordea berriro bilduko da azken ondorioak eztabaidatzeko eta onartzeko.
Erredakzioa
Obren azken likidazioan, 2011ko ekainean, foru sozietateak A-1 autobidearen aldi baterako enpresa-elkarteari behar baino diru gehiago ordaindu ziola frogatutzat jo du Bidegi auziko ikerketa batzordearen zirriborroak. Autobidea egiteko lanetan ustezko iruzurra ikertzen ari da batzordea.
Lohitzune Txarola (Bildu) batzordeko presidenteak oinarrizko testua egin du. Orain Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeei igorri die, alderdiek euren ekarpenak egin diezaioten.
Alderdi bakoitzak bere agiri propioak bidali beharko ditu astelehenean, eta asteartean batzordea berriro bilduko da azken ondorioak eztabaidatzeko eta onartzeko.
Erantzukizun politikorik ez du zehazten
AP-1 autobidearen eraikuntzan ustez izan den iruzurrean erantzukizun politikorik izan ote den ez du zehaztu gaur aurkeztutako oinarrizko dokumentuak, baina gertakari batzuk frogatutzat jotzen ditu ekarpenak eta martxoaren 13 eta 16ko agerraldiak aztertu eta gero.
Basagoiti-2 biltegian 2.228.500 metro kubiko lur ez daudela frogatutzat jo du zirriborroak, nahiz eta 2011ko likidazioak hori esan. 900.000 metro kubiko falta direla dio testuak, Aldundiak defendatu bezala.
Obraren azken likidazioa finkatzeko garaian arbitrajerik izan ote zen argitzea ikerketa batzordearen beste eginbehar bat zen.
“Goia jaunak –Azpiegitura diputatua AP-1 bukatu zuten garaian- batzordean esandakoaren kontrakoa, alegia, ez zen inolako arbitrajerik izan obretan eta adituek ez zuten txostenik egin balioa zehazteko”, erantsi du ondorioen zirriborroak.