Politika -
Losa Bailara, Burgos
Gerran hildako burgostar baten sendiak haren gorpuzkiak jaso ditu
Erreketeek eta falangistek Angel Antuñano 1936an hil zuten fusilatuta, beste bizilagun batekin zegoela, eta, ordutik, Bovedan izan da lurperatuta. Jaurlaritzak gorpuzkiak eman dizkio gaur sendari.
eitb.eus
Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak gaur goizean eman dizkie Angel Antuñanoren senideei Lausa Haraneko (Burgos) auzotar horren gorpuzkinak, Boveda herri arabarreko La Horca gainaldeko hilobi batean aurkitu ondoren.
Jaurlaritzak ohar baten bidez zabaldu duenez, Antuñano bailara horretako beste auzotar batekin batera fusilatu zuten, 1936ko irailean, militar erreketeek eta falangistek eta Arabako Boveda herrian lurperatu zuten. Hilobitik ateratzeko lanak Aranzadi Elkarteak egin ditu.
Eusko Jaurlaritzaren arduradunak Gaubeako Udaletxean izan den oroitza eta aitorpen ekitaldian hartu du parte, Juan Carlos Remirez Escudero Gaubeako Udaleko alkatearekin –udal horretakoa baita Boveda– eta Paco Etxeberria Aranzadi Elkartearen presidentearekin batera –elkarte horrek zuzendu baitu gorpuzkiak hilobitik ateratzeko lanak–.
Ekitaldian Gogoan Sestao Elkarteko kideak ere izan dira, izan ere, elkarte horrek bultzatu du kasu hau aztertzea, kideetako batek Bovedako herriarekin lotura handia baitu. Euskal erakundeek hartutako konpromiso batek eragin du omenaldia –aitortza, justizia, erreparazioa egin eta horrelakorik berriro ez gertatzeko konpromisoak, hain zuzen–, ezinbestekoa da-eta Euskadiren Memoria Historikoa eraikitzeko.
Gorpuzkiak familiakoei eman ondoren, bertaratutakoak La Horca-ko gainaldera (hobia aurkitu zuten tokira) joan dira, Angel Antuñanori omenaldia egiteko bere oroimenez jarri den monolitoaren aurrean.
Ikerketen arabera, 1936ko irailaren 7ko egunsentian Angel Antuñano, Castriciones de Losa-ko (Burgos) auzokidea, etxetik indarrez atera zuten; Lausako Haraneko beste auzokide batekin batera fusilatu zuten militar frankistek; eta ondoren, Arabako Boveda herrian lurperatu zuten. Antuñano 1900. urtean jaio zen eta 1927an Kubara emigratu zuen lan arrazoiengatik. Itzuli zenean atxilotu eta fusilatu egin zuten, hark zituen ideia politikoengatik.