Politika -

Bilera

Sanchezek autogobernua indartzeko prestutasuna agertu dio Urkulluri

Lehendakariak, bestalde, Estatu eredua "berriro definitzeko" beharra helarazi, eta "aldebiko harreman eraginkorrerako" sistema ezartzeko "ziklo berria" eskatu dio.

Lehendakaritzan hartu du Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez. Argazkia: eitb.eus
Autogobernua indartzeko prestutasuna agertu dio Sanchezek Urkulluri

1:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak euskal autogobernua indartzeko prestutasuna agertu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, baina baita hori eskatzen duten beste erkidego batzuena ere, kontzertu ekonomikoa ukitu gabe beti ere.

PSOEren idazkari nagusia ordu eta erdiz bildu da, Gasteizko Lehendakaritzan, Urkullurekin, biek egin duten lehenengo batzar ofizialean.

Bilera atsegina izan dela esan du buruzagi sozialistak. Konstituzioa erreformatzeko borondatea agertu omen dio lehendakariari, baina "ez Espainia apurtzen saiatzen ari diren horien mesederako", baizik eta herritarrek egunero dituzten erronkei elkarrekin aurre egiteko.

Horregatik, batasuna indartzeko deia egin die buruzagi politiko guztiei, zatiketa bazter dezaten, kalitate demokratikoa, ongizate estatua, enplegua eta ekonomia hobetzeko.

Aldebiko harremana

Lehendakariak, berriz, Estatu eredua "berriro definitzeko" beharra helarazi dio, nazio aniztasunaren errealitateak Estatuaren errekonozimendua jaso dezan, eta "aldebiko harreman eraginkorrerako" sistema ezartzeko "ziklo berria" eskatu dio.

Lehendakariak legegintzaldiaren balorazioa egin dio Sanchezi, eta "Espainiako Gobernuak euskal autogobernuarekiko konpromisorik ez" duela erakutsi eta "lau urteko atzeraldia" izan dela azpimarratu du.

Horren harira, "Estatuaren nazio aniztasuna aitortuko duen oinarri sendoak" jartzeko "ziklo berria" aldarrikatu du, eta "aldebiko harreman baterako bermea" eskatu.

Bestalde, bakegintza alorrean, "desaprobetxa ezin daitekeen aukera ematen duen unea" dela esan dio buruzagi sozialistari. "Elkarbizitza normalizaturako prozesua behin betiko bideratzeko" aukerari egin dio erreferentzia, eta "guztion artean" Estatu eredu berria adosteari.

Erreakzioak

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak euskal naziotasuna aitortzeko eskatu dio PSOEren buruzagiari, eta hitzeman dio jeltzaleak konstituzioa erreformatzeko prest daudela, Euskadi nazio gisa errekonozitzen badu.

EAJren presidentea PSOErekin akordioak bilatzearen alde agertu da, Sanchez bera bezala, baina "errespetuan" oinarrituta. Horregatik, buruzagi sozialistari entzun nahi dio esaten Euskadi "subjektu politikoa" dela, "ez mendekoa". Buruzagi jeltzaleak gaineratu du ez direla erreforma konstituzionalaren "beldur", baina ez dutela egingo "duela 35 urteko gauza bera egiteko bada".

Bestalde, Arantza Quiroga PPren EAEko buruak boterea lortzeko Euskadin duen proiektua baztertu izana leporatu dio Sanchezi. Izan ere, bere hautagaitza aurkeztu zuenarekiko "koherentzia" eskatu eta Euskadira Espainiako banderarekin etorri behar zuela iritzi dio. "Zergatik ezkutatzen du hemen? Konplexuak dituzte eta ez dute erakusten", azpimarratu du Quirogak.

Rebeka Ubera EH Bilduko kideak, berriz, uste du Sanchezek proposatzen duen erreforma konstituzionala motz geratzen dela. Horren harira, koalizioak alor guztien demokratizazio prozesua proposatu du, Euskal Herria subjektu politiko gisa aitortuko lukeena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Sozialista Iñigo Urkullu Lehendakaria Pedro Sánchez bideoak