Politika -

Adierazpenak

Mendia: 'Euskal autogobernua hobea izango da PSOE Gobernuan badago'

Urte politikoaren hasieran, PSE-EEko idazkari nagusiak sozialistentzat ondorengo hilabeteetan jomuga izango diren gai nagusiak aurreratu ditu.

Idoia Mendia. Argazkia: EiTB.
Idoia Mendia. Argazkia: EiTB.
Egoera larrian daudenei laguntzea da PSEren lehentasuna

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak gaur esan duenez, hauteskundeetan PSOEk garaipena lortzea izango litzateke euskal autogobernurako "onena".

Urte politikoaren hasieraren atarian, Mendiak prentsaurrekoa eman du goizean PSE-EEk Bilbon duen egoitzan, eta euskal sozialistek ondorengo hilabeteetan jomugan izango dituzten ildo nagusiak zein izango diren esan du. Lehentasuna herritarren arazo nagusiak konpontzeko neurriei emango diete, langabezia kasu, eta autogobernuaren erreformak ere leku garrantzia hartuko du, horren arabera.

Urte amaieran egingo dituzten hauteskunde orokorrak direla eta, Mendiak esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren Presidentetzara eramango dutela emaitzek.

Horren hitzetan, Euskadik Sanchezek proposatzen duen "aldaketa ospatzeko arrazoiak" izango ditu, euskal autogobernurako "onena" izango baita, Kontzertu Ekonomikoa eta eskumenak errespetatzeko. "PP gure eskumenak eta autogobernua murrizteko egiten ari den saiakera gelditzeko bermea PSOE izango da", esan du.

"Goizegi" da hauteskundeen osteko akordioez hitz egiteko

Atzo Leopoldo Barreda PPko diputatuak egindako adierazpenen gainean galdetuta (Barredak iradoki zuen EAJk akordioak nahi dituela PSOErekin eta Podemosekin, hauteskundeen osteko garairako), Mendiak esan du "goizegi" dela horrelako akordioen gainean hitz egiteko. Dena den, sozialistek PPk baino gaitasun handiagoa du elkarrizketarako, horren iritzian; izan ere, PPk "bide guztiak suntsitu ditu".

PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi duenez, "PPk ezin du egun batetik bestera ezabatu gobernatzeko erakutsi duen harrokeria", ezta agintean eman dituen urteetan zerbitzu publikoetan egindako murrizketak eta autonomien eskumenak zentralizatzeko saiakera ere. Gobernuak, gainera, EAEko PPren laguntzarekin egin du hori guztia, Mendiaren esanetan.

PSE-EEko agintariaren ustez, beharrezkoa da Konstituzioa erreformatzea, eta PPk zeregin honetan "Espainia ez zaiola interesatzen" erakusten duela salatu du; izan ere, "erreforma horren gainean hitz egiteak boto gehiago ala gutxiago emango dien kalkulatu besterik ez du egin", esan du.

Euskadin "aberastasuna sortzeko" lan egitea

PSE-EEk urte politiko berrian izango duen jarrerari dagokionez, Mendiak nabarmendu du sozialistek Euskadin "aberastasuna sortzeko" jarraituko dutela lan egiten, EAEko milaka herritarrek pairatzen duten egoera ekonomikoa latzaren aurrean.

Mendiaren iritzian, PSE-EEk "jarduera politikoa agenda sozialera begira jartzea lortu du"; izan ere, "Euskadin bera izan zen lehenengoa jendearen benetako arazoak (lana, hezkuntza, osasuna…) nabarmentzen, beste batzuek tribuak edo identitateak zituztenean hizpide".

Horren arabera, PSE-EEk herritarren arazoak konpontzeko irtenbideak proposatuko ditu erakundeetan, gobernuan zein oposizioan egon, "etxeko  arazoak" (argiaren faktura ordaindu ezin dituzten familien arazoak, esaterako) zein "arazo zailagoak" (Udal Legea edo Lurralde Historikoen Legearen erreforma, kasu) konpontzeko.

Mendiaren esanetan, PSE-EEk euskal autogobernua erreformatzeko konpromisoa du, Euskadi "kohesionatu eta modernoa lortzeko, eta herritar guztiek eskubide berberak izan ditzaten, non bizi diren gorabehera".

Irailaren 4ko bilera

Idoia Mendiak, halaber, kritikatu egin du Iñigo Urkullu lehendakariak irailaren 4an, aurretik inolako akordiorik lortu gabe, 128 alkaterekin egingo duen bilera, indarkeriak horien herrietan utzi dituen biktimen gaineko txosten bat emateko. Buruzagi sozialistak adierazi duenez, urte politiko berrian bere alderdiak lan egingo du "biktimak aitortu eta errealitatearekin bat datorren memoria inklusibo bat bultzatzeko, egin gabe baitago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak PSOE Idoia Mendia albisteak Aldaketa PSOEn bideoak Alderdi politikoak berriak PSE-EE