Politika -
Kurtso politikoaren hasiera
EAJk euskal herritarren arteko akordioa egin nahi du lehenik
Jeltzaleek esan dute konstituzioaren erreforma batean parte hartzekotan "euskal nazio izaera eta subjektu politikoaren errekonozimendua" aintzat hartu beharko lukeela.
agentziak | erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak lehenik euskal herritarren artean akordioa egitea, eta gero Espainiako Estatura eta Europar Batasunera jotzea, defendatu du. Gainera, jeltzaleek esan dute konstituzioaren erreforma batean parte hartzekotan "euskal nazio izaera eta subjektu politikoaren errekonozimendua" aintzat hartu beharko lukeela.
Zarautzen kurtso politikoari hasiera emateko egin duen ekitaldian, Ortuzarrek gogorarazi du jeltzaleek "bide propioa" dutela Euskal Herriarentzat, eta bide horrek lehenik euskal herritarren arteko akordioa aurreikusten duela.
Ekitaldian parte hartu dute, era berean, Joseba Egibar GBBren presidenteak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak.
Egibarrek esan du Espainiatik ez dela etorriko erabakitzeko eskubidea: "Ez Espainiatik, ez PPtik, ez PSOEtik, ez Podemosetik". Hala, autodeterminazio eskubidea ez dela "egun batetik bestera" iritsiko azpimarratu du. "Inork ez digu ezer oparituko, eta estatus politiko berria nahi badugu herria zutik jarri behar dugu, ilusioa berritu", berretsi du.
Era berean, etorkizuneko helburuen artean "bakea eta elkarbizitza egonkortzea" dagoela esan du, eta ez dela erraza izango, "lan asko" dagoelako egiteko.