Politika -
Indarkeriaren amaiera
Urkullu: 'Egindako kaltea aitortu eta kritikatu beharra dago'
Lehendakariaren hitzetan, "ezin ditugu biktimen memoria eta ohorea bazter utzi, etorkizunean begirada jartzeagatik ezin dezakegu iragana ahaztu".
Agentziak | Erredakzioa
Memoriaren eta biktimen harira egunotan izandako polemikaz argi eta garbi mintzatu da Iñigo Urkullu lehendakaria. Azpimarratu duenez, indarkeriaren aroa ezin da "gertatutakoa argitu eta kritikatu gabe, eta biktimei egindako kaltea aitortu gabe" bukatutzat eman. Lehendakariaren irudiko, "ezin ditugu biktimen memoria eta ohorea bazter utzi, etorkizunean begirada jartzeagatik ezin dezakegu iragana ahaztu".
Ertzaintzaren 24. promozioa osatzen duten 121 agenteei egiaztagiriak emateko ekitaldian izan da goizean Urkullu, Arkautin. Bizikidetzaren alorrean "gutxiengo baldintza etikoa" ezarriko dutela agertu du lehendakariak. Hala, "etorkizunak errespetua, memoria eta egindako kaltea aitortu eta kritikatzea izan du oinarri", erantsi du.
Biktimak ere hizpide hartu ditu Urkulluk: "Ezin ditugu biktimen memoria eta ohorea bazter utzi, etorkizunean begirada jartzeagatik ezin dezakegu iragana ahaztu", nabarmendu du.
Izan ere, lehendakariaren aburuz, "ezin dugu hurrengo orrialdea pasatu, gertatutakoa ondo argitu eta aitortu gabe, argi eta garbi kritikatu gabe".
Ertzaintzaren agente belaunaldi berriaren ekitaldi horretan, Urkulluk azpimarratu du "esfortzu handia" egiten ari direla, "giza eskubideetan oinarritutako bakearen eta elkarbizitzaren etengabeko eraikuntza" kudeatzeko eta antolatzeko prozesuan, Ertzaintzaren egiturak "egokitzeko".
"Aitortzen dut egiten ari diren esfortzua delituen prebentziora eta herritarren babesera bideratutako ikerketa eta inteligentzia dinamikoagoa izateko", gaineratu du.
LEP
Bestalde, Ertzaintzaren 25. belaunaldia osatzeko deitutako 250 plazako Lan Eskaintza Publikoari Estatuaren Abokatutzak jarri dion helegitea izan du hizpide.
Lehendakariaren ustez, helegitea "ez da berria", baizik eta "autogobernuarekiko beste errespetu falta bat", eta "zuen konpromisoaren eta Ertzaintzaren 25. Belaunaldian sartzeko prest agertu direnen kontrako erasoa da".
Hala ere, 24. belaunaldiko 121 agenteei esan die Jaurlaritzak "lanean" jarraituko duela, "gutxi barru" agente gehiago sar daitezen, "arduragabekeria" izango litzatekeelako "Ertzaintzaren berrikuntza ez parte hartzea".