Politika -
Epai bat beteta
Laudiok Espainiako bandera jarri du udaletxean, baita beste zazpi ere
Bandera balkoian jartzera behartu zuen epaia bete du, horrenbestez, Udalak. Espainiakoarekin batera, ikurrina, Kataluniakoa, Eskoziakoa edo Saharakoa paratu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako bandera udaletxeko balkoian, "begi-bistan eta ohorezko leku batean", jartzeko agindua bete du Laudioko Udalak eta Natxo Urkixo EH Bilduko alkatearen inhabilitazioa saihestu du. Espainiakoarekin batera, baina, beste zazpi bandera paratu ditu Udalak: ikurrina, Laudiokoa, Arabakoa, Saharakoa, Nikaraguakoa, Kataluniakoa eta Eskoziakoa. Zortziak daude, beraz, balkoian ikusgai.
Irailaren 7an Natxo Urkixo alkatea zigortu zuen Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 3 zenbakiko Epaitegiak, balkoian Espainiako bandera ez jartzeagatik. Horrez gain, 1.500 euroko isuna ezarri zion. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak inhabilitazioarekin ere mehatxu egin zion, bandera jarri ezean. Aginduaren "kontra" badago ere, Espainiako bandera paratu du azkenean Urkixo alkateak, baina horrekin batera, Nikaragua eta Sahara "herri adiskideen" ikurrak, eta Euskal Herria bezalatsu, Europan "bere lekuaren" bila dabiltzan herri batzuenak, Kataluniakoa eta Eskoziakoa esaterako, zintzilikatu ditu.
Afera 2008an abiatu zen. EAEko Auzitegi Nagusiak, Estatuko Abokatutzak jarritako helegite bat onartuta, bandera udaletxean zintzilikatzeko agindua eman zuen. Udalak teilatuan ipini zuen Espainiako ikurra, baina Abokatutzak beste helegite bat jarri zuen, banderak begi-bistan egon behar zuela argudiatuta. Horren harira etorri zen iraileko epaia.
"Legearen interpretazioa bidegabea"
Zazpi banderak balkoian zintzilikatu ostean, bandoa argitaratu du Laudioko alkateak. Nabarmendu duenez, epaia betetzera behartuta egon da Udala (ezin da errekurtsorik aurkeztu), egin ezean, "Espainiako Estatuak inhabilitatuko bainau".
Urkixoren ustean, epaiak Bandera Legearen "interpretazio bidegabea" egin du.