Politika -
Kontzertu Ekonomikoa
'Euskadi solidarioa da, dagokiona baino gehiago ordaintzen du'
EAEko erakundeek adierazpen bateratua adostu dute, Kontzertu Ekonomikoaren alde.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi du Kontzertu Ekonomikoa "funtsezkoa" dela "Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko bizikidetza akordioan". Horrenbestez, euskal erakundeek defendatu egingo dutela nabarmendu du.
Lehendakariak; Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiek eta Eudeleko presidenteak adierazpen instituzional bat adostu dute, Kontzertu Ekonomikoaren alde.
Azken asteetan Ciudadanosek, UPyDk eta PSOEko eta PPko hainbat buruzagik euskal Kontzertua kritikatu dutelako egin dute bat EAEko erakundeek.
Hori horrela, erakundeek gai hau "eztabaida alderdikoietatik eta hauteskunde interesetatik ateratzea" eskatu diete alderdiei. Gainera, Kontzertua "Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko bizikidetza akordioan funtsezkoa" dela gogorarazi dute. Hori dela eta, euskal autogobernua "irmo defendatzeko" konpromisoa hartu dute.
Hainbat sektoretatik Euskadik "pribilejioak" dituela esan dutela eta, erakundeek azaldu dute EAEko sistema "solidarioa" dela Estatuarekin.
"EAEko herritarrek ez dute dirurik jasotzen Estatuaren partez, baizik eta eman egiten diote Estatuari", azpimarratu dute. Gainera, Kupoaren bitartez Euskadik Estatuaren gastu orokorrei ekarpena egiten diela gogorarazi dute.
Erakundeen esanetan, Estatuak "superabita" du Euskadirekin duen harreman ekonomikoan. Hori frogatzeko, datu hauek eman dituzte: Kupoaren arabera, Euskadik Estatuaren gastuen % 6,24 ordaindu behar ditu, transferituta ez dauden eskuduntzen kasuan, EAEko biztanleria Estatu osokoaren % 4,6koa bada ere.
"Euskadi solidarioa da, dagokiona baino gehiago ordaintzen du", amaitu dute.